Asteazkenean izango da, Kultur Etxean, 18:30ean. Maiatzaren 2ko ganadu ferian postua jartzeko izenak hilaren 14ra arte eman daiteke.
Geroz eta gertuago daude Legazpiko Santikutz jaiak, eta horiek antolatzen ari den lan taldeak bilera irekia deitu du biharko, egitaraua ixteko. Bilera 18:30ean izango da, Kultur Etxean, eta herritar guztiak daude gonbidatuta, iritzia emateko eta proposamenak egiteko.
Santikutz jai horien barruan ganadu azoka egingo da, besteak beste, maiatzaren 2ko goizean, eta bertan salmenta posturen bat jarri nahi dutenek, hilaren 14ra arte dute dagokien eskaria egiteko. Udalaren
www.legazpi.eus webgunean egin behar dute eskaria.
Kale Nagusian zehar egiten da ganadu azoka, eta kaleko goi aldean zeramika, bitxigintza edo baserriko produktuak saltzen dituzten postuak jarri ohi izan dira, besteak beste. Postua jartzeko interesa dutenek zein produktu salduko duten adierazi beharko dute, eta eskaera guztiak mahai gainean dituztela erabakiko dute zeini eman baimena, azokarekin zerikusia duten produktuen aukera zabala bermatzeko. Martxoaren amaieran emango diete jakitera onartuak diren ala ez.