Igandea, haritz kandugabeak landatzeko eguna
'Zuhaitz bat babestu' programaren barruan Barrendiola urtegitik gertu egingo den landaketan 220tik gora partaide izango dira. Parrillada bat egingo dute amaitzeko, Legazpiko plazan.

Legazpiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Basotik Fundazioak eta Baserria Km-0 erakundeak egindako deialdiari erantzunez, 220 pertsonatik gora elkartuko dira igande goizean Brinkolan, Barrendiola urtegiaren inguruko lursail batean haritzak landatzeko. Zuhaitz bat babestu izeneko jarduera izango da, eta basoko haritz landaketak Legazpiko plazan izango du amaiera, haragi parrillada batekin.
Lau txandatan banatuko dira partaide guztiak, eta Rosalinda, Nicanor eta Horacio pertsonaiek gidatuta landatuko dituzte Quercus Petraea izeneko haritz kandugabeak basoan, hariztia osatzeko. Landareak, baso horretan bertan bildutako ezkurretatik Aldundiak dituen mintegietan sortutakoak dira.
Barrendiolako urtegiaren horma izango da topalekua 10:00etan. Han elkartuko dira Legazpitik bertatik autobusez, oinez edo trenez joango diren 60 partaideak, Km-0ren bitartez parte hartuko duten ehundik gora lagunak, eta Santurtzitik (Bizkaia) iritsiko diren beste 60 herritarrak.
Landaketa gunean, gainera, igandean bertan Legazpin Atzegik ospatuko duen Kirola Elkarrekin festako mendizaleak ere batuko dira, Izadi Zaleak elkarteko kideekin batera.
Parrillada, amaitzeko
Basoberritze jardunaldi gisa definitu duten Zuhaitz bat babestu jarduera haritzak landatzea baino gehiago izango da. Partaideak basora txandatan joango direnez, batzuk zuhaitzak landatzen ari diren bitartean, urtegiko paretan geratuko dira besteak, eta horiei zuzenduta, hainbat jarduera izango dira, itxaronaldia gozatzeko.
Alde batetik, azalpenak emango dizkiete inguruneari buruz, Aizkorri-Aratz parke naturalaren atarian kokatzen direlako Barrendiola eta hariztia. Bestetik, zuhaitzak identifikatzeko lehiaketa ere izango dute, eta ekintza gehiago ere egingo dituzte.
Basoko lanak amaitzean, saria izango dute partaideek, Baserria Km-0k parrilan erretako haragia eskainiko dielako. Parrillada Legazpin egingo dute, Euskal Herria plazan, 14:00etan hasita.
Landaketa prozesu guztian gidari lanak egin dituzten Rosalinda, Nicanor eta Horacio arduratuko dira ekitaldia ixteaz.
Autobusa Legazpitik
Legazpin beste urteetan egin izan den Zuhaitz Egunaren parekoa izango den jardunaldi honetan parte hartzeko 60 inguru legazpiarrek eman zuten izena udalaren webgunearen bidez. Igandeko hitzordura oinez edo trenez joango dira batzuk, baina nahi dutenek autobusa ere izango dute Barrendiolako joan-etorria egiteko.
Udalak autobus zerbitzua jarri du Zuhaitz bat babestu jarduerara joateko. Autobusa izena eman dutenentzat izango da, eta 09:30ean abiatuko da Saturnino Telleriako geralekutik. Itzulera 13:30ean izango da.