Landare berriekin batera, behi gaztaren krema aukeran
Udaberria gerturatzean, hasi da mugimendua baratzerako landare saltzaileen postuetan. Beñat Tellleriak gazta mota berri bat aurkeztu du.

Eguraldi bikainak lagunduta, animoso egon da gaur goizean giroa Ordiziako Plaza Nagusian eta inguruan, Ikaztegietako herri eskolako ikasleek ere jarri dute aletxoa berez gozoa zen giroa berotzen. Martxoko lehen feria izan da gaurkoa, eta laster iritsiko den udaberriaren atarikoa.
Eta urtaro berriaren gertutasuna nabaria izan da landare salmenta postuetan, eta feriako berritasun nagusiak atal horretan izan dira. Izan ere, baratzeko lanetan hasteko eskaintza moldatzen hasita dute, eta Montesen postuan, adibidez, perrexila (0,10 euroan sortako takoa), Ibarrako pipermina (0,15 euroan bi landareko takoa), eta ziazerba berdea eta horia (0,10 euroan bakoitza) eskaini dituzte, landare berriak guztiak. Iguategiko saltzaileek, bestalde, kuiatxoarekin hasita daude, eta landarea 0,50 euroan zuten gaur. Bi postuetan Jack motako tomatea ere badute aukeran, 070-0,75 euroan. Monteseko Patxi Izagirrek txertatutako tomatea ere badutela esan du, eta datorren astean ekarriko dutela agindu du, 1,80 euroan.
Landareen ataletik kanpo, gaztak eman du eguneko beste berritasuna. Beñat Telleria mutiloarrak behi gaztaren krema aurkeztu du. Gazta xamurrarekin egindako krema da, eta postura hurbiltzen zen guztiari probatzera ematen jardun du goiz osoan. «Suabea da, baina jendeari gustatzen zaio», azaldu du. Kristalezko potetan ontziratuta zuen salgai, 250 gramo, 8 euroan. Probarako egin duela, eta laster gazta urdinarekin ere hasiko dela aurreratu du gaztagile gazteak.
Takilak eta Qr kodeak
Berritasunetan ez dira sartzen azokako takilak eta Qr kodeak, baina feriara iritsi berrien artean sartu behar dira. Duela aste gutxi jarri ziren martxan biak, eta erabilera «polita» izaten ari direla adierazi dute arduradunek.
Takilak udaletxeko atarian daude, eta asteazken goizean feriara joan ezin direnei zuzenduta daude. Saltzaileari zuzenean telefonoz enkargua eginda, edo azokaren mugikorreko aplikazioaren bitartez eginda, takillan jasoko du gero erositako hori nahi duen orduan. Takila normalak daude, eta hotzean kontserbatu behar diren produktuetarako bereziak ere bai. Erabiltzaileen artean opariak zozkatuko dituzte.
Qr kodeak erabilita ere badaude opariak. Saltzaileen postuetan daude jarrita kode horiek, eta hiru asteazkenetan balioztatu behar dira azokaren aplikazioaren bidez, sariak jasotzeko.