Zero Hondakin Hozkailua martxan jarri dute Ordizian
Residuos Cero Fundazioaren Rexcatering proiektuari esker, Zero Hondakin Hozkailua martxan dago Ordizian. Majori kiroldegiaren atarian jarri dute. Gaurtik aurrera, Jakintza Ikastolako jangelan sobratzen den janaria herritarren esku jarriko dute. Dohainik da zerbitzua. Ordiziako Udalak finantzatua da.

Residuos Cero Fundazioaren Rexcatering proiektuari esker, Zero Hondakin Hozkailua martxan dago Ordizian. Majori kiroldegiaren atarian jarri dute. Gaurtik aurrera, Jakintza Ikastolako jangelan sobratzen den janaria herritarren esku jarriko dute. Dohainik da zerbitzua. Ordiziako Udalak finantzatua da.
Gaur goizean Jakintzako ikasleek adierazi diete komunikabideei Hozkailuaren funtzionamendua nolakoa den. Sukaldeko langileak arduratuko dira soberan dauden elikagaiak ontziz aldatzeaz eta termozigilatzeaz, eta hurrengo egunean, ikasleek, txandaka, ontziak etiketatu eta Hozkailura eramango dituzte. Etiketako informazioan, nola dagoen egina, ze osagaiekin dagoen prestatuta, data eta noiz iraungitzen den ageri da. “Lau-bat eguneko kaduzidadea daukate”, zehaztu du Pili Otegi jangelako langileak.
“Hiru ordutan hustuta”
Residuos Cero Fundaziokoek duten orain arteko esperientziaren arabera, janariak iraungitzea ez da askotan gertatuko: “Hiru ordutan husten dira makinak”, dio Alvaro Saizek. Residuos Cero Fundazioak 2017an ikerketa prozesu bat jarri zuen martxan, “jakiteko jantokietan zer egin genezakeen sobratzen den janariarekin. Hortik Rexcatering proiektua sortu zen”. Lau urte baino gehiagoko ibilbidea egin dute dagoeneko Gipuzkoan eta Bizkaian. “Orain Katalunian ere hasi gara”. 22 makina edo hozkailu dauzkate herrietan banatuta, eta hilero 16.000 anoa edo errazio banatzen dituzte.
Saizen esanetan, “garrantzitsuena da janaria ez botatzea” da.
Ingurumen ikuspegia
Udalaren parte hartzea ere badu Zero Hondakin Hozkailuak Maitane Alvarez zinegotziaren esanetan. “Aspaldi ezagutzen genuen proiektu bat zen, eta beti izan dugu interesa Ordizian horrelako zerbait sustatzeko. Baina udalak ez dauka bere ardurapean inolako jangelarik. Beraz, Jakintzakoak etorri zirenean proposamena eginez, baiezkoa esan genuen hasieratik”.
Ingurumen ikuspegia duen proiektu bat dela nabarmendu du: “helburu nagusia da zakarretara joan behar diren hondakin horiek erabiltzea eta jendeari banatzea”.
Beste herriko eragile eta zentroetara ere “deialdia ireki” du udalak. “Momentuz Jakintza hasi da, eta aurrerantzean beste batzuk ere animatzen badira, proiektuan sartu nahi badute, badakite ateak irekita daudela”.

Jakintzako ikasleek eramango dituzte ontziak hozkailura.Loinaz Agirre.