Ardo eta urdaiazpiko dastaketa Lekanazpiren eskutik, hilaren 14an
Arabako ardoak eta elkartean bertan moztutako Nafarroako urdaiazpikoa izango dira dastatzeko. Jesus Gonzalez Teso enologoak eta upategiko nagusiak parte hartuko du. Izena emateko epea irekita dago.

Legazpiko Lekanazpi elkarteak ardo eta urdaiazpiko dastaketa antolatu du datorren asteko ostiralerako, hilak 14. Jarduera elkartean bertan izango da, 20:00etan hasita, eta izena eman daiteke dagoeneko: https://vivetix.com/eu/entradas-ardo-dastaketa-eta-urdaiazpiko-mozketa-phy1?s=link. Prezioa 15 eurokoa da, eta barruan sartzen da arabar Errioxako sei ardo, Nafarroako urdaiazpikoa eta bestelako bost pintxo
Ardoa Arabako Bastidan dagoen Gonzalez Teso upategikoa izango da. Jabea Jesus Gonzalez Teso da, baita enologoa ere, eta horrek gidatuko du dastaketa.
Urdaiazpikoa, berriz, Lekunberriko Maskarada markakoa da. Desagertzeko zorian dagoen euskal txerri nabar beltza arrazakoak dira txerriak, Lekunberrin hazitakoak, eta gero Arruitzeko mendietan libre bazkatu dutenak, gaztainondo, haritz, pago eta hurritzen artean. Nafarroako baserritar batzuen ahaleginari esker, hanka motzak eta orban beltzak dituen txerri arrosa hau mapa gastronomikoan bere tokia hartu du. Lekanazpiko ekitaldian, bertan moztuta emango dute dastatzera horren urdaiazpikoa.