Larunbatean hartuko du Txapel Gorrik azken erabakia, enpresa batek interesa agertu ondoren
Atzo iluntzean Ordiziako Klasiko txirrindulari probaren antolakuntzak jakinarazi zuen uztailaren 25ean ez dela 102. ediziorik izango, arazo ekonomikoengatik. Iragarpen horren ondoren, enpresa batek interesa azaldu du. Larunbatean elkartuko dira eta orduan hartuko dute azken erabakia.

Zalaparta handia sortu zuen atzo iluntzean Ordiziako Klasikoaren antolakuntzak uztailaren 25ean 102. Ordiziako Klasikorik ez zela izango iragarri zuen oharrak. Harrezkeroztik ez da Txapel Gorri elkarte antolatzaileko Ketxus Sanzen telefonoa isildu.
Eta dei horietako bat, atzo, 21:00ak pasatxoan iritsi zen, Sanz pintxo potean zebilela: “Enpresa batetik deitu zidaten esanez, ezin dutela horrelako proba bat erortzen utzi ehun urteren ondoren”.
Larunbatean elkartzekotan geratu dira eta orduan hartuko dute azken erabakia. “Uste dugu aurtengoa salbatuko dugula, baina niri gustatuko litzaidake honek jarraipen handiagoa izatea. Ea datozen hiru urtetan egin dezakegun. Horrek lasaitasuna emango liguke. Batzuk pentsatu dute atzoko albistea globo sonda izan zela, baina ez da horrela izan. Guk benetan utzi genuen lasterketa bertan behera. Taldeei jakinarazi genien ez genuela aurten Ordiziako Klasikoa antolatuko. Federazioarekin eta hitz egin behar genuen guztiekin hitz egin genuen. Ez nuen pentsatzen pintxo potean nengoela, 21:00etan, inork deituko zidanik. Hori jakin izan bagenu, ez genuen albistea kaleratuko”.
«Ez nuen pentsatzen pintxo potean nengoela, 21:00etan, inork deituko zidanik. Hori jakin izan bagenu, ez genuen albistea kaleratuko»
«Goierriko enpresek, duela 10 urte ematen ziguten berdina ematen digute orain, eta bost urtean lasterketaren aurrekontua 40.000 euro igo da»
Ketxus Sanz. Txapel Gorri elkarteko kidea
Sanzek gaineratu duenez, “babesletzak bilatzen dituen enpresa batekin ere aritu gara, baina aurten berandu ibili gara. Datorren urteari begira irailean babesle bila has daitezela esango diogu”. Izan ere, “Goierriko enpresek, duela 10 urte ematen ziguten berdina ematen digute orain, eta bost urtean lasterketaren aurrekontua 40.000 euro igo da. Segurtasuna asko igo da, orain motorzaleek kobratu egiten dute… hotelak ere asko igo dira. Eta munduko talde onenak ekartzea diru asko kostatzen da. World Tourreko talde bat ekartzea, gutxienez, 4.200-5.500 euro kostatzen da. Eta munduko onena den taldea, UAE ekartzea, gehiago. Baina guk lasterketa, maila batekoa egin nahi dugu”.
165.000 euro inguruko aurrekontua daukate; iaz, 30.000 euroko zorra izan zuten. “Baina aurreko urtean 100. urteurrena zela eta superabita izan genuen, enpresek eta gehiago eman zigutelako. Baina batzuk 100.era iritsi behar ginela, iritsi ginen, eta hor gelditu ziren”.
Iaz boluntarioak bilatzeko zailtasunak izan zituzten. “Gaur egun, boluntariotzarik ia ez da existitzen. Boluntarioak bidegurutzeak egiteko behar izaten dira normalean, bestela motorzaleak ekarri behar izaten dira. Baina ezin ditugu 50 motorzale ekarri, lasterketan molestatu egiten dutelako. 50 bat lagun behar izaten dira bidegurutzeetan egoteko. Boluntarioak bilatzea gero eta zailagoa da, festetan gaudela kontuan izan da gainera”.
Ordiziako Udalaren iritzia
“Atsekabez eta penaz” hartu zuen Adur Ezenarro Ordiziako alkateak atzo komunikabide bidez jakin zuen albistea , baina, gaur, “itxaropenez” dagoela nabarmendu du: “Orain badirudi aterako dela, eta guk ere horrela izatea espero dugu. Gure aldetik jarri dezakeguna jartzeko prest gaude baina beti ere, jakinda ze mugak dauzkagun. Ordiziako Udalak bakarrik ezin du beregain hartu sortzen den defizita. Esfortzu kolektibo batetik ateratzen da edo ez. Balio izan badu aurtengoa salbatzeko, ea lortzen dugun urtez urtez horrela ez ibili, eta biziraupena bermatzea”.
«Gure aldetik jarri dezakeguna jartzeko prest gaude baina beti ere, jakinda ze mugak dauzkagun. Ordiziako Udalak bakarrik ezin du beregain hartu sortzen den defizita»
Adur Ezenarro. Ordiziako alkatea
Gipuzkoako eta Euskal Herriko txirrindulari klasikorik zaharrena dela gogoratu du: “Ekitaldi handietara jotzen dugu baina askotan herrietan dauden horrelako karrera historiko bat ixtea izugarrizko pena da”.