Axio Araña hil da
Ordizia Rugby taldeko jokalari eta entrenatzaile ohia hil da, gaixotasun baten ondorioz.

Axio Araña Igoa (Beasain, 1961) errugbilari jokalari eta entrenatzaile ohia hil da 63 urterekin, gaixotasun baten ondorioz.
Hamalau urterekin hasi zen errugbian, eta ia hogei urtean aritu zen jokalari. Espainiako eta Euskadi selekzioarekin jokatutakoa, bi urte ez beste denetan –Atletiko San Sebastianen bi urte egin zituen– Ordizia izan da bere taldea. Jokatzeari utzi eta entrenatzaile hasi zen.
Kirol ibilbide hori aintzat hartuta, Foru Aldundiak sari bat eman zion 2012. urteko abenduan. 2014. urtera arte izan zen Ordizia Rugbyko entrenatzaile.
Goierriko euskarazko tokiko komunikabideekin gertutasuna izan du beti Arañak, eta asko izan dira GOIERRI HITZAri, eta Goiberri eta Goierritarra aldizkariei eskainitako elkarrizketak.
2013an honako zioen Gipuzkoako Kirol Saria jaso berritan: “Gero eta gertuago ikusten dut gazteei lekua utzi beharreko unea”
2022an, berriz, Joanes Aierbe, Xabi Lerma, Asier Alvarez de Eulate eta Phil Huxford jokalari ohiekin batera erreportaje honetan parte hartu zuen, Ampo Ordiziako Espainiako Kopa irabazi zuela hamar urte bete zirenean.

Joanes Aierbe, Xabier Lerma, Axier Alvarez de Eulate, Axio Araña eta Phil Huxford.Gorka Gomez
OREren samina
Ordizia Errugbi Elkarteak bere samina adierazi du:
“Ordizia Rugby Elkarteko kide guztiek saminez jakin izan dugu gure entrenatzaile baino gehiago alma mater izandako Axio Araña zendu dela. Bere izaeran erraldoi bat, gure bilakaeran zutabe eta Ordizia taldea rugby gorenean egotearen arduradun nagusienetakoa, ez da erraza izango bere irrifarrea eta bizitzeko grina ahaztea.
Euskal Herria maite zuen, bere nafar sustraiak maite zituen eta izaera horri eskularru bat bailitzan moldatzen zaion kirola maite zuen, errugbia. Bada, Ordiziako errugbizaleok, kirolari, zale edo kideak izan, ez dugu ahaztuko Axio, bere ezpatak beti lagunduko gaitu eta berak maite zituenak bihotzean eramango ditugu, berak moduan.
Goian bego, gure gudaria!”.
View this post on Instagram