Rural Kutxak babestuko du 102. Ordiziako Klasikoa
Txapel Gorri elkarte antolatzaileak "urte batzuetarako" akordioa sinatuko du ostegunean Rural Kutxa-Caja Ruralekin.

Txapel Gorri elkarteko Ketxus Sanzek GOIERRIKO HITZAri baieztatu dionez, Rural Kutxak-Caja Ruralek babestuko du 102. Ordiziako Klasikoa. “Bihar elkartuko gara Rural Kutxakoekin, baina datorren ostegunean Ordiziara etorriko da Rural Kutxako marketin zuzendaria, “urte batzuetarako” akordioa sinatzeko”.
Sanzek ez daki oraindik zehazki zenbat urtetarako izango den akordioa. “Baina niri gustatuko litzaidake, gutxienezko hiru urterako izatea”. Ordiziarrak gehitu duenez, “esan digute lehenengo aurtengorako sinatuko dugula, baina jarraikortasunaz ere hitz egingo dugula”.
Beraz, uztailaren 25ean, 102. aldiz, goi mailako txirrindularitzako proba izango da Goierrin.
Txapel Gorri elkarteak asteazkenean ohar labur bat bidali zien komunikabideei 102. Ordiziako Klasikoa bertan behera geratuko zela esanez, eta atzo goizean baieztatu zuten balizko babesle bat deia jaso zutela gaur hartan bertan, eta aurtengo proba egiteko modua izango dela. Hasiera batean bihar ziren erabakia jakinaraztekoak, baina gaur bertan baieztatu dute azkenean berria.