Latxartegiko parkeari buruzko parte hartze prozesuaren azken saioa
Herritar guztiei zuzenduta dago, eta etorkizuneko parkea irudikatzeko egindako prozesuaren emaitza partekatuko dute. Bilera Kultur Etxean izango da, 18:00etan.

Bihar asteartea, 18:00etan Kultur Etxean egingo duten saio irekiarekin, amaitutzat emango du Legazpiko Udalak Latxartegiko parke berria irudikatzeko herritarrekin burutu duen parte hartze prozesua. Legazpiar guztiei irekitako bilera horretan, iazko udazkenetik Juntura Kooperatibak gidatuta burutu duten prozesuaren emaitzak azalduko dituzte.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, “herriaren erdigunean dagoen eremu zabal horrek indargune ugari” dituela abiapuntu hartuta, “prozesu honek ingurua biziberritzea izan du helburu, legazpiarren beharrei erantzunez, guztiek erabil dezaten”.
Parke berriaren diseinu prozesuak hainbat fase izan ditu. Lehenengo fasean arlo ugaritako udal teknikariak bildu ziren. Parkeari buruz sentsibilitate anitzetatik hausnartzea zen helburua, kontuan izanda gune horretan herriko hainbat ekipamendu biltzen direla, eta Legazpi osoko oinezko, bizikleta edo motordun ibilgailuen mugikortasunean eragin handia duela. Bigarren fasean talde zehatz ugarirekin egin ziren saioak, besteak beste emakumeekin, nagusiekin, eremuko ekipamenduetako arduradunekin, nerabeekin eta auzotarrekin. Parkearen izaerari buruz eta erabilerei hitz egin zuten batez ere. Aurtengo urtarrilean, legazpiar guztiei zuzendutako batzar irekia egin zuten, aurreko bi faseen ondoren egindako proposamena aurkezteko, eta ekarpenak jasotzeko.
Partaidetza prozesuari amaiera emateko, bihar azken saioa egingo dute, legazpiar guztiei azken emaitza erakusteko.
Horren ondoren, pausu berriak emango ditu udalak etorkizuneko Latxartegi parkea errealitate bihurtzeko. Hasteko, 2025 urtean zehar urbanizazio proiektua idatziko dute, prozesuaren emaitza oinarri hartuta. Obrak, berriz, fasetan banatuko dira, udal ogasunerako jasangarriak izan daitezen, eta lehenengo zatia 2026 urtean gauzatzea aurreikusten dute.