Legazpi, haur mailako judoaren hiriburu
Legazpi Herria judo txapelketak 151 judoka elkartu zituen larunbatean, tatami erraldoi bihurtutako Urbeltz pilotalekuan. Legazpi Judo klub antolatzailea "oso pozik" dago emaitzarekin.

“Urtez urte handiago eta hobeago!” esanez laburbildu du Judo Legazpi klubak larunbat arratsaldean Urbeltz pilotaleku tatami erraldoi bihurtuta jokatu zen Legazpi Herria judo torneoaren balorazioa. Haur mailako 151 judoka bildu zituen txapelketaren laugarren edizioak, 27 klubetakoak. Nazioarte mailako txapelketa izan zen, eta hiru herrialde desberdinetako klubak eta judokak ziren. Horiez gain, entrenatzaile ugarik, 15 epailek eta 50 boluntariotik gora parte hartu zuten. Urbeltzeko harmailak ere goraino bete ziren. “Lehiaketa arin eta atsegina antolatzea lortu dugu. Guztiek primeran gozatu zuten egun eder hori”.
Antolatzaileak “oso pozik” daude txapelketaren emaitzarekin. Plaza guztiak betetzea lortu zuten, eta torneo bikaina antolatu zuten, partaideen zorion mezuen arabera, “klub guztietako ordezkariek zoriondu gintuzten, aurrez-aurre, e-mailez… txapelketa arina izan zelako, partaide guztiek opari bat jaso zutelako, gehienek borroka pila bat egin zituztelako, giroa ezin-hobea izan zelako, xehetasun guztiak ondo zainduta zeudelako…”.
Legazpiarren emaitzak
Legazpi Judo kluba, bestalde, “oso gustura” geratu zen legazpiarren partaidetzarekin. “Etxean borrokatzeak, lagunen aurrean aritzeak beti urduritasun puntu bat ematen du”, baina klubeko kideak ondo aritu ziren, eta horren isla dira lortutako dominak: urrea irabazi zuen Andoni Suarezek M-38Kg kategorian, zilarra Unax Larrasak (M-50Kg), Adriana Realek (F+63Kg) kategorian eta Ibon Belotazak (M+66Kg), eta brontzea Oier Alustizak (M-55Kg). Amets Sagastumek bosgarren egin zuen (M-46 Kg), eta Jon Alberdi (M-42Kg), Oihan Orbegozo (M+66Kg) eta Pawel Wallsic (M+66Kg) zazpigarren geratu ziren.
Antolatzaileek, bestalde, eskerrak eman nahi dizkie torneo hau egiteko ekonomikoki lagundu dien guztiei: Matxet, Sustrai, Xaloa, Belkis, Legazpiko Udala, Hiroshima, Gipuzkoako eta Euskadiko Judo federazioak eta Pinturas Mugitegi. Baina batez ere eskertu nahi dituzte Legazpi Judoko guraso guztiak, “modu batera edo bestera asko lagundu zutelako”, eta bereziki Maitane Prieto, Eli Martin, Larrasa, Iowa Paternain aipatu dituzte. Klubeko gainerako judokek ere ez dituzte ahaztu nahi, “kadeteak, juniorrak… boluntario lanetan ibili ziren, eta oso pozgarria izan zen ikustea nola lagundu zuten”. Guzti horiek gabe “hau ezingo zen atera atera zen bezala. Denoi mila-mila esker”.
Gorka Gomez argazkilaria ere aipatu nahi dute, “4.000tik gora argazki atera zituen, eta laster jarriko ditugu ikusgai”.