Zuhaitzak babesteko 250 inguru boluntario
Haritzak landatu dituzte Barrendiola urtegi ondoko baso batean, Legazpiko Udalak, foru aldundiak, Basotik Fundazioak eta Baserria Km0 enpresak antolatutako 'Zuhaitz bat babestu' jardueran.

Arrakastatsua eta jendetsua izan zen Zuhaitz bat babestu izenarekin atzo goizean Legazpin, Barrendiola urtegiaren ondoko lursail batean egin zen haritz landaketa. Legazpi bertatik eta beste hainbat tokitatik joandako 250 pertsona inguruk parte hartu zuten jardueran, eguraldi paregabeaz lagunduta. Festa giroan amaitu zuten landaketa lana, herriko plazan egindako parrilladarekin.
Legazpiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Basotik Fundazioak eta Baserria Km0 enpresak antolatutako sentsibilizazio jarduera zen Zuhaitz bat babestu. Gipuzkoako biodibertsitatea sustatzea eta basoen osasuna bermatzea helburu, bertako zuhaitz mota bat aukeratu zuten ekimenerako, Barrendiola inguruan ugaria den Quercus Petraea izenekoa, haritz kandugabea. Gertuko basoetan bildutako ezkurretatik ateratako landareak ziren, Aldundiak dituen mintegietan mimo handiz hazitakoak. Atzo gutxi batzuk landatu zituzten, 150 inguru, baina etorkizunean 11.000 zuhaitz izango dituen baso bateko parte izango dira.
Taldetan banatuta, Ekoma Teatro taldeko antzezleek gidatuta eta hainbat teknikarik lagunduta landatu zituzten haritzak boluntarioek. Haur txikiak zituzten familiak ziren ugarienak, baina Atzegiko kideak ere izan ziren, Kirola Elkarrekin festan parte hartzen ari ziren mendizaleak, hain zuzen.
Zuhaitzak eta egurra
Barrendiola urtegiko paretaren ondoan dagoen plaza izan zen topagune nagusia. Han jarrita zeuden informazio postuetan izena eman ondoren, taldetan banatu zituzten partaideak. Photo-callean argazkia atera eta gero, 10:30 inguruan abiatu zen lehen taldea basora, eta 20 minutu inguruko ibilaldi erraza egin eta gero iritsi ziren landaketa gunera.
Zuhaitzak landatu eta gero, abiapuntura itzuli, eta lehiaketa bat zuten han zain, egur xaflak ikusita, zein zuhaitzetakoak ziren asmatzea eskatzen zuena. Ondoan, Euskadi Baskegur elkarteak hemengo egurraren erabilerak azaltzeko postua zuen. Hiru taldeak txandaka joan ziren basora, eta talde bat zuhaitzak landatzen ari zen bitartean, beste biek urtegiko parajeaz gozatuz eta egurraren inguruko bi ekintza horiekin igaro zuten goiza, Legazpira jaisteko ordua iritsi zen bitartean.
Izan ere, Legazpin, herrigunean izan zuen amaiera Zuhaitz bat babestu jarduerak, festa giroan. Plazan, Azoka ondoan, parrillada bat eskaini zuen partaideei Baserria Km0 enpresak, indarrak berritzeko.



















































