Aitor Casadoren eta Mar Torrijosen azken bidaia, Latxartegin
Indiako Ladakh eta Kashmir lurraldeetan izan ziren iazko udan. Ikus-entzunezkoaren emanaldia ostiralean, 19:00etan izango da.

Aitor Casadok eta Mar Torrijosek Ladakh-Kashmir: Zerua eta Lurra artean izeneko ikus-entzunezkoa estreinatuko dute ostiralean, martxoak 14, Latxartegi aretoan, 19:00etan. «Orain arteko gure lanik osatuenaz eta luzeenaz gozatzera» joateko deia egin diete bi bidaiari hauek legazpiarrei.
Indiako «eskualde liluragarrienetako bi» bisitatu zituzten iazko udan Casadok eta Torrijosek, Ladakh eta Kashmir, eta Latxartegiko emanaldian, bidaian zehar ateratako argazkiekin eta lurralde hartako musikarekin osatutako ikus-entzunezkoa eskainiko dute. Ostiralean aurkeztuko duten lan horretan, gainera, bideo eszena ugari sartu dituzte, ikusleei «abentura lehen pertsonan bizitzeko aukera» eskaintzeko. «Paisaia harrigarriek, eta aniztasun erlijiosoak eta kulturalak» leku berezia hartzen dute lanean.