Negua amaitzearekin, arrautzak ugaritzen hasten dira
Gazta berria aurkeztu du Beñat Telleriak, eta kale aza mota bat gehiago ikusi da Natalia Magallanesen postuan. Zuhaiztira, Nafarroako lehen zainzuriak iritsi dira.

Negua amaitzear eta udaberria hastear den garai hau ez da berritasunerako aproposena ferian, eta baratzetik, behintzat, produktu berri gutxi ari dira iristen azken aldian Plaza Nagusiko postuetara. Urritasun hori, baino, bestelako produktu batzuk konpentsatzen dute, eta gaurko ferian, gaztak eta arrautzek egin dute hori.
Beñat Telleriak aurkeztu du gazta, 3.5 eta 4 kilo arteko gazta onduak, hain zuzen. Udaberriko eta udako belardietan jandako behien esnearekin mutiloarrak berak Odio baserrian egindako gaztak dira, eta zortzi hilabeteko ontze prozesua amaitu eta gero jarri ditu salgai, kiloa 19 euroan. Hain handiak izanik, zatika eramateko aproposagoak dira gazta hauek, baina txikiagoak ere baditu, osorik eraman nahi izanez gero, xamurrak edo onduak horiek. Gazta xamurrarekin joan den astean aurkeztutako kremarekin, bestalde, oso pozik dago gaztagilea, harrera ona izan duelako.
Gaztaren atalean ez ezik, barazkien artean ere izan da berritasunik, eta hori Natalia Magallanesen postuan ikusi da. Kale azaren mota berri bat izan du gaur salgai, cavolo nero izenekoa, hosto erdi kiskurra duena. Hostoak zituen salgai, kiloka, kiloa 6 euroan.
Sagarretan ere izan da zer aipatu, gaur agurtu delako ekainera arte Jose Antonio Elosegi gabiriarra. Sagar salmenta denboraldia amaitutzat eman du, “normaltasun osoz” joan dela esanez, eta maiatza amaieran edo ekaina hasieraran itzuliko dela iragarri du, gereziekin.
Arrautzak, ugariago orain
Arrautzei dagokienez, berririk ez da izan, baina aipatu behar dena da udaberria iristear den honetan, oiloek gehiago erruten dituztela. Ferian aukera handia dago, eta baserritarren artean, Telleriak berak, Arantxa Lopetegik, Anttoni Murgiondok, Jaione Irazustak, Patxi Arizmendik eta Zurutuza ahizpek dituzte salgai, dozena 3,3 eta 4,5 euro artean.
Horiez gain, Patxi Atienza da feriako arrautza saltzaile nagusia. Honek aukera zabalagoa du baserritarrek baino: potoloa deiturikoa (3,80 euroan dozena),
XL (3,30 euro), L (2,90 euro), M (2,40 euro), eta larrekoa (3,90 euro).
Lehen zainzuriak
Plaza Nagusitik kanpora, berriz, izan da berritasun handi bat gaur, zainzuria. Ordiziako Jose Javier Clementeren postuan izan da salgai, Zuhaiztian. Nafarroako zainzuriak ziren, denboraldiko lehenak, eta kiloa 14 euroan jarri dut.
Hain jaki preziatu hau iritsi besterik ez da egin, eta aurrerantzean izango da gehiago.
Bisitari ugari
Gaur bisitarik bete dute Ordiziako erdigunea. Ikasle talde handi bat eta asiarrak ibili dira Plaza Nagusian eta inguruko kaleetan batetik, eta bestetik, D’Elikatuz zentroaren bidez iritsitakoak ere izan dira. Horien artean, Lizartzak herri eskolako LH 3-5 bitarteko 35 ikasleko taldea, AEBetako Idahoko unibertsitatetik iritsitako hamar inguru ikasle, eta Donostiako Erdialde jubilatuen elkarteko 25 kide izan dira.