Santikutz Klasikoaren 90 urteak, Sebastian Santestebanek antolatutako erakusketan
Larunbat eguerdian inauguratuko da Kultur Etxean, eta lasterketa irabazi duten hainbat txirrindulari izango dira ekitaldian.
Santikutz txirrindularitza probaren historia urtez urte izenburupean, maiatzaren 1eko Legazpiko Klasikoaren 90 urteak errepasatzen dituen erakusketa antolatu du Sebastian Santestebanek. Kultur Etxean egongo da ikusgai, hilaren 15etik 28ra arte.
Erakusketan, afizionatu mailako txirrindulari lasterketa honen edizio guztietako datu eta argibide ugari bildu ditu, 1929 eta 2024 artekoak, baita argazkiak ere, 500 inguru. Material hori guztia hainbat paneletan antolatu du.
Larunbatean inauguratuko du, 12:00etan, proba irabazi duten hainbat txirrindulariren partaidetzarekin. Besteak beste, 1967ko irabazle izan zen Migel Mari Lasa, eta 1978ko irabazle Juan Fernandez izango dira ekitaldian.
1929an, lehen aldiz
Santikutz Klasikoa Legazpiko kirol proba zaharrena dela esatera ausartuko litzatekeela dio Santestebanek, «edo, behintzat, horrenbeste hamarkadatan iraun duen bakarra», eta hori izan da, hain zuzen, bere 90 urteko historia osoari buruzko lana osatzera bultzatu duen arrazoi nagusia. Legazpiko herriarentzat «kirol altxorra» dela dio, «batez ere txirrindularitzaren zaletasunerako». Bere sorreratik garrantzi handiko proba izan zela nabarmentzen du, eta gaur egun amateur mailako estatuko proba onenen artean kokatzen du.
Baina txirrindularitzaren barruan «garrantzi handiko proba» izan arren, bere sorreraren data zehatza ezagutzea zaila suertatu zaiola aitortu du, bertako adineko zaleek ere ez zutelako ondo gogoratzen. «Dena den, 1930eko hamarkada aipatzen zuten, Gerra Zibilaren aurreko urteak, hain zuzen». Aurrerago datu berriak jaso zituen: «Gaur, zehaztasunez esan dezakegu, lehen edizioa 1929ko maiatzaren 5ean jokatu zela, eta irabazlea Ricardo Montero handia izan zela».
Aldaketaz aldaketa
Erakusketan, datu historikoez gain, Klasikoak 90 urte guztietan zehar izan duen bilakaera ere ezagutu ahal izango da. Besteak beste, antolakuntzan eta bere deituran izan dituen aldaketak agertuko dira.
Antolakuntzari dagokionez, lehen urteetan, udalarekin lotura zuen talde batek antolatu zuen proba, baina gero, etenda egon zen sei urtez, Gerra Zibilaren eraginez, eta hura amaitzean berriz hasi zen, zortzigarren edizioarekin. «Sociedad Deportiva Legazpi izeneko elkartea sortu eta horrek hartu zuen antolaketaren ardura», Santestebanek zehaztu duenez. «1946an, berriz, hamabigarren edizioan, llintxa Kirol Elkartea hasi zen antolatzen, eta 1989. urtetik aurrera, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatu izan du, gaur arte».
«Gaur, zehaztasunez esan dezakegu, lehen edizioa 1929ko maiatzaren 5ean jokatu zela, eta irabazlea Ricardo Montero handia izan zela»
Lasterketak, bestalde, izen bat baino gehiago izan ditu, eta lehen 43 edizioetan, 1977ra arte, Prueba Legazpia izan zen. 1978an Santa Cruz deitzera pasatu zen, eta 1989. urtean hasi zen Santikutz Klasikoa deitzen.
Erakusketaren egileak nabarmendu duen bezala, «era batera edo bestera, Klasikoak, txirrindularitzaren punta-puntan egoten jarraitzen du, eta dena, kirol honen zale legazpiar batzuen lanari esker».
Txirrindulari lasterketa artean urte mordoa emandakoa
Lasterketa kuttuna da Santestebanentzat Legazpiko Klasikoa, urteetan antolatzea egokitu zitzaiolako Telleriarteko Txirrindulari Elkarteko lehendakaria zenean. 1989an hartu zuen ardura hori elkarteak, eta orduz gero, lehendakari izateari 2010ean utzi zion arte, Santestebanen lanetako bat izan zen.
Txirrindularitza oso gustuko du, eta kirol horri urte mordoa eskaini zizkion elkarteko lehendakaritzatik. Sortzaileetako bat izan zen, gainera. Elkarteak 1976an eman zituen lehen urratsak, Nekazarien Anaidian. Orduan Telleriarten bizi zen Santesteban, eta auzoan zerbait egiteko gogoak eraginda antolatu zuten bertako gazteek lehen ziklo-kros proba. Handik bi urtera eratu zuten Telleriarteko Txirrindulari Elkartea, eta ordutik, lehen zuzendaritza taldekoek gaurkoari erreleboa eman arte, 150 proba antolatzera iritsi ziren, Euskadiko Itzuliko lau etapa tartean, eta 1989tik, Klasikoak.
Santestebanek gidatutako Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak bi liburu ere argitaratu zituen, bata 2003an, bere 25. urteurrenean, eta bestea 2008an, Klasikoak 75 urte bete zituenean. Santikutz Txirrindulari Klasikaren historia urtez-urte zuen izenburua, eta bertan, lasterketa guztietako datuak jaso zituzten, kilometrajeak, datak, kronikak, sailkapenak, partaide kopuruak eta bitxikeriak, besteak beste. Oraingo erakusketarako datu horietako asko berreskuratu ditu, eta azken 15 urteetakoak gehitu.













