'After' arte proiektuaren berri eman du Lenbur Fundazioak
Cesar Novella Alba eta Fermin Diez de Ulzurrun izango dira gidariak. Legazpiren iragan industriala eta horren arrastoak aztertzea du helburu. Urte amaieran edo hurrengo urtearen hasieran erakusketa bat egingo dute emaitzarekin.

Lenbur Fundazioak After proiektuaren berri eman zuen atzo Bikuña jauregian egindako ekitaldi batean. Legazpiren iragan industriala eta horren arrastoak aztertzea du helburu, eta Fermin Diez de Ulzurrun artistak eta Cesar Novella Alba arte komisarioak Valentziako Saguntoko labe garaien inguruan egindako lanaren jarraipena izango da.
Hain zuzen, lan horren emaitza jasoz argitaratutako After izeneko liburuaren aurkezpena izan zen atzoko ekitaldiaren ardatza, Legazpin egiten hasi diren lanaren abiapuntua delako. Diaz de Ulzurrun eta Novella Bikuñan izan ziren, liburua aurkezten, eta iragarri zuten egindako lana erakusketa batean bilduko dutela gero, eta Fabrika gunean jarriko dutela ikusgai. Legazpiren iragan industriala eta horrek utzitako ondarea ikertzen hasita daude, eta, besteak beste, jendea elkarrizketatzeko asmoa dute. Ikus-entzunezko lan bat egingo dute, baina lan materialak ere bai, tartean argazkiak eta eskulturak.
Lenbur Fundazioko Agurtzane Elustondok lagundu zien atzoko ekitaldian, eta babes osoa agertu zion proiektuari, “oso ondo txertatzen delako fundazioaren helburuekin, nolabait ere gure ondare industriala berreskuratzen laguntzen duelako, gure historia hobeto ezagutu dezakegulako horrela, eta belaunaldi berriei gure ondarea helarazteko tresna bat izango delako”.