«Lasai erretiratu naiz, egindako lana ez delako galdu»
Etxea, Publigraf inprenta, Gorbel Haizea estudioa eta GH Creativos kooperatiba. Horiek izan dira Bittor Larraza diseinatzaile grafikoaren lan ibilbidearen mugarriak. Duela gutxi jubilatu da.

Urte askotako lan ibilbidean jaso duen uzta esku onetan utzi eta gero, erretiratu egin da Bittor Larraza Zubieta diseinatzaile grafikoa (Legazpi, 1959). Lanbide horrek izan duen eboluzio handiaren lekuko izan da.
Noiz hasi zinen diseinuarekin?
Txikitatik gustatu zait marrazkia, eta gaztetan etxean egiten nituen gauzak. Baina horretan lanean 1989an hasi nintzen, Kepa Turrillasen eta Pedro Ziraukirekin Publigraf enpresan, Legazpin. Aurretik, beste lan batzuk egin nituen, eta lanik gabe egon nintzenean, Lazkaoko barnetegian euskara ikasi nuen, eta diseinuarekin lotutako ikastaroak egin nituen.
Sariak irabazten zenituen.
Kartel eta logotipo lehiaketetara aurkezten nintzen, eta batzuk irabazi nituen. Oso garrantzitsua izan zen Azpeitiko antzerki topaketarako kartel lehiaketarena, ekonomikoki Iruñeko San Fermin jaien kartelaren parekoa zelako, 100.000 pezetakoa [600 euro]. Tolosako grafista batekin aerografoarekin lan egiten ikasi nuen, eta teknika hori erabili nuen. Maskara bat zen, azpiko aurpegiak beste espresio bat erakusten zuena.
Publigrafen zer lan egin zenuen?
Batez ere maketazioa, fotolitoak ateratzea, eta diseinu lan batzuk ere bai. Bezeroekin egoten ere hasi nintzen, eta hura ondo etorri zitzaidan nire kabuz jarri nintzenerako.
Noiz sortu zenuen estudioa?
1995ean muntatu nuen Gorbel Haizea, Kale Nagusian. Nire lehenetako lana Plasnor plastiko enpresarentzat izan zen. Oso garrantzitsua izan zen, hasierak oso zailak direlako, eta egonkortzeko balio izan zidalako. Lan polita egin genuen elkarrekin, jostailuei irudia serigrafiaren bidez jartzeko sistema bat asmatuta. Luis Agirrerekin egin nuen lan, zuzeneko eta konfiantzazko harremana sortuta, eta horrelakoak izan dira gero bezeroekin izan ditudan kontaktuak. Garrantzi handia eman izan diot beti horri.
«Duela bi urtera arte hiru langile izan gara, eta azkenean Espe eta biok geratu gara bakarrik»
Eta handik, Aizkorri kalera.
Urtebetera, bai, baina ez azken urteetan egon naizen tokira. Eraikin bereko solairuarte bateko lokal batean jarri nintzen, beheko lokalera 2003an joan arte.
Ordukoa al da Creativos GH?
Iñaki eta Espe nire anaia-arrebekin lanean hasi nintzen, eta Creativos GH kooperatiba sortu genuen urte hartan. Lan handiko garaia izan zen, Ulma kooperatibarentzat lan egin genuenean batez ere, eta zazpi lagun izatera ere iritsi ginen tarte batean. Baina 2008ko krisiarekin lana jaisten hasi zen. Duela bi urtera arte hiru langile izan gara, eta azkenean Espe eta biok geratu gara bakarrik.
Jubilatu zareten arte.
Bai, pandemiaren ondoren hasi ginen horretan pentsatzen, adinean biok aurrera gindoazela eta. Gainera, lanean jarraitzeko inbertsio berriak egin behar genituen, eta erabaki genuen momentua zela bukatzeko.
Asko aldatu al da lanbidea zuek ezagutu duzun denbora horretan?
Bai, asko. Lehen gehiena eskuz egiten zen. Aldaketa handia Macintosh ordenagailuek ekarri zuten, eta eskuz egiten genuena, ordenagailuan egiten hasi ginen, Photoshop bezalako programekin. Internet, telefono mugikorra, adimen artifiziala… Horrek guztiak eragina izan du diseinuan. Hainbat lan erraztu dira, kalitatea hobetu da… eta gu, etengabe formatzen ibili gara, aldaketei egokitzeko. Ferietara ere joaten ginen joerak ikusteko, batez ere Bartzelonara, hori delako diseinuaren munduko erreferentzietako bat.
Baina diseinua ez da aldatu.
Lehen bezala, orain ere gauza asko izan behar dira kontuan diseinu bat egiteko. Logotipo baterako, adibidez, bezero mota, zein den negozioa, negozio horri egokitzen zaion kolorea, logotipoa erabiliko den euskarrietan nola geratuko den… Logotipo horrek edo marka horrek izango duen ibilbidea pentsatu behar duzu, aplikazio guztiak izan behar dituzu kontuan.
«Orain, besteak beste musikari denbora gehiago eskainiko diot, errondailari. Baina diseinuak barruan jarraituko du»
Plasnor, Ulma… ze lan gehiago egin dituzu?
Enpresa mundurako lan asko egin dugu, baina bezero txikiagoekin ere ibili gara errotulazioa, serigrafia eta webguneak egiten. Legazpiko Udalarentzat herriko lau diseinatzaileok udaletxe barruan egindako lan bat dut gogoan bereziki, elkarlanarengatik. Josu Moreno, Txakel Urarte, Mattin Osinalde eta ni ginen. Proiektu gehiago ere egin genituen gero, oso positiboa izan zen hura.
Eta orain, erretiroa.
Lasai erretiratu naiz, egindako lana ez delako galdu. Jubilaziorako garaia iristean nire ardura handiena zen hori, baina lortu dut transmisioa egitea, eta Zuzen Zerbitzu Grafikoak hartu du nire erreleboa. Oso gustura geratu naiz, eta orain, besteak beste musikari denbora gehiago eskainiko diot, errondailari. Baina diseinuak barruan jarraituko du.