Legazpiko Udalak informazio pantailak jarri ditu Laubiden eta Kale Nagusian
Herritarrenganako komunikazioa hobetzea eta legazpiarrei udalerriko jarduerak eta berrikuntzak helaraztea da helburua.

Legazpiko Udalak informazio panelak jarri ditu Laubiden eta Kale Nagusian, herritarrenganako komunikazioa hobetzeko eta legazpiar guztiek udalerriko jarduera eta berrikuntzak ezagutzeko. Informazio bide berri honek udalak duen web orria, LegazpiON aplikazioa eta sare sozialak osatuko ditu, udalerriari buruzko albisteak eta jarduerak zabaltzeko orduan.
Panel horien bitartez, herriko gertakariei, jarduerei eta ekitaldiei buruzko informazioa zabalduko dute, baita abisu garrantzitsuak eman ere. Modu honetara, herritar guztiek, baita Interneterako edo gailu elektronikoetarako sarbide erregularra ez dutenek ere, tokiko albisteen berri berehala eta modu eskuragarrian izatea bermatuko dute.
Laubideko kale nagusian kokatu da paneletako bat, Maiatza tabernaren parean, eta Kale Nagusian bestea, BBVA banketxearen ondoan. “Herrian jende gehien ibiltzen den tokietako bi direlako” aukeratu dituzte bi gune horiek.
Pantailak 08: 00etatik 21:00etara egongo dira martxan neguan, eta 22:00ak arte asteburuetan). Udan 08: 00etatik 23:00etara egongo dira martxan. Sei bloketan proiektatuko dute informazioa. Lau bloke estatikoak izango dira: batetik, erlojua eta data; bestetik, udalerriko datu meteorologikoak; hirugarren blokean, guardiako farmaziak; eta laugarrenean, udal telefono interesgarriak. Beste bi informazio blokeak dinamikoak izango dira, egunean zehar edo astean zehar aldatuz joango direnak. Gaurkotasuneko udal albisteak proiektatuko dituzte batean, euskaraz eta ondoren gaztelaniaz, irudi eta testu txiki batez osatuak. Beste blokean, ekitaldi eta jardueren berri emango dute, data, ordua eta lekua adieraziz.

Kale Nagusiko pantaila