San Juan auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak hasi ditu Legazpiko Udalak
Auzoko 36, 37 eta 38 atarien parean egiten ari dira lanak. Irisgarritasunarekin batera, ur hornidura eta argiteria publikoa berrituko dituzte.

Legazpiko Udalak aurrera jarraitzen du San Juan auzoan irisgarritasuna hobetzeko eta azpiegiturak berritzeko lanekin. Aurreko fase batean 31 eta 35 atarien artean jardun ondoren, oraingoan 36, 37, 38 zenbakietan ari dira lan horiek egiten.
Gune horretako irisgarritasuna hobetzeaz gain, ur hornidura, argiteria publikoa eta beste azpiegitura batzuk ere berrituko dituzte. Obra Gipuzkoako Ura eta Legazpiko Udala ari dira egiten, bi erakundeen artean sinatutako hitzarmen bati esker. ART Eraikuntzak, S.L. enpresak egingo ditu lanak, 106.912,30 euroko aurrekontuarekin. Hamabi asteko iraupena izango dute.
Proiektu honekin euri uren kanalizazioaren sekzioa handituko dute, atari horietarako irisgarritasuna bermatzeko arrapalak egingo dituzte, baina eskailerak mantenduta, eta argiteria publikoa aldatuko dute, farolek 35 urte baino gehiago dituztelako eta oinarriak herdoilduta dituztelako. Aldi berean, egungo sarbideak kendu, eta eskailera mailarik gabeko sarbide berriak egingo dituzte.
Udalak gogoratu du San Juan auzoa 1950eko hamarkadan eraiki eta urbanizatu zutela, eta 1989an birmoldatu zutela, besteak beste oinezkoentzako bideak eta lorategiak jarriz. Gainera, birmoldaketa harekin aireko azpiegitura guztiak lurperatu zituzten. Baina auzotarrak irisgarritasun arazoekin kexu ziren, eta udala arazo horiek konpontzen hasi zen, lehen fase batean San Juan 31-35eko tartean.Orain bigarren fase bati ekin diote.