UGLEren azoka teknologikoa ireki dute
Legazpin izango da gaur eta bihar, eta Urretxun ostegunean eta ostiralean. Herritarrei teknologia hurbiltzea du helburu.

Asteburu osoko prestaketa lanen ondoren, goizeko 9etan ireki ditu ateak UGLE Eskolaren azoka teknologikoak, Legazpiko Azokan, eta dagoeneko jaso ditu lehenengo bisitariak. Ateak ireki bezain pronto, Haztegi ikastolako DBH 3 eta 4 mailako ikasleek bisita gidatua egin dute, UGLE irakasleek eta ikasleek lagunduta. Bihar Olazabaleko institutukoen txanda izango da, eta ostegunean eta ostiralean zehar Urretxu-Zumarragako DBHko ikasleena. Egun horietan, azoka Urretxuko Ederrena pilotalekuan egongo da kokatuta.
Goierri garaiko ikasleez gain, inguruko enpresek ere izango dute aukera azokatik igarotzeko, eta lanbide heziketa eskola horretan jorratzen dituzten arloak ezagutzeko. Gainerako herritarrentzat ere irekita dago,
Izan ere, azoka hau teknologia herritarrei hurbiltzeko helburuz antolatu du UGLEk, eta bost stand prestatu ditu horretarako: Industria adimenduna, mekanizazio eta 3D inprimaketa, automatizazioa, jokoak (errealitate areagotua, birtuala eta Python programazioa), automozioa eta ortoprotesika.
Gainera, hitzaldiak ere izango dira:
Bihar, asteartea, Legazpiko Azokan:
– 08:30: Datu adimendunak, enpresa eraginkorrak: datuak biltzeko eta aztertzeko gida praktikoa. Hizlariak: Iker Uzin (UGLEko I+G), Iñigo Etxaniz (Izazpi.com), Iñigo Fernandez (CIE Legazpiko gerentea) eta Ibon Reinoso (Smartlog Group-eko IA).
– 10:30: Zibersegurtasun industriala: mehatxuak, babesa eta praktika egokiak. Hizlariak: Daniel Diaz (UGLEko I+G), Montserrat Urquijo (Inurcam Ingenieria).
-10:30: Adimen Artifiziala ikastetxeei aplikatuta. Hizlariak: Javier Cerceño eta Eloisa Trueba (Decidata Analytics and AI).








































