Itsasondo, Gipuzkoako muslarien plaza
Euskal Herriko mus txapelketako herrialdetako finalak jokatuko dira bihar. Gipuzkoakoa, Itsasondoko pilotalekuan da. 108 bikote ariko dira lehian, tartean, 30 goierritar.

Herriz herri kanporaketak egin ondoren, zazpi herrialdetako finalak jokatzeko eguna da biharkoa. Gipuzkoakoa, Itsasondon da, 15:00etan hasita. Gipuzkoako 53 herri eta auzotako txapelketetan 704 bikoteren artetik sailkatutako 108 bikote ariko dira nor baino nor gehiago, apirilaren 5ean Gopegin (Araban) jokatuko den Euskal Herriko finalerako sailkapena eskuratzeko helburuarekin. Tartean, 30 bikote goierritar izango dira.
Itsasondotik 32 bikote sailkatuko dira XVI. Euskal Herriko mus txapelketako final handira. Gainerako sei herrialdeetako 96 bikote gehiago izango dituzte zain: Arabatik hamasei bikote sailkatuko dira, Bizkaitik hamar, Behe Nafarroatik hemezortzi, Nafarroa Garaitik 32, Lapurditik hamalau eta Zuberoatik sei.
Gipuzkoako txapelketa jokatzeko aukera izango duten 60 goierritarretatik bi bakarrik dira emakumezkoak, eta horietako bat da Naia Olano 16 urteko zaldibiarra. Aitarekin, Arriarango Peio Olanorekin batera ariko da, otsailaren 7an Zaldibiako Zubiburu elkartean jokatu zen kanporaketan, 25 bikoteren artean, hiru partida irabazita, hirugarrenak geratu ondoren.
Aita-alabak jokoan
Etxean musean jokatzeko ohitura dute Olanotarrek. «Iluntzetan aritzen gara. Aitona-amonekin ere bai. Negu partean gehiago, ilun lehenago dagoelako eta etxe barruan denbora gehiago egiten dugulako», dio aitak. Aurretik beste bitan alaba zaharrenarekin parte hartu izan du herriko kanporaketan: «Baina ez genuen lortu aurrera egitea. Aurten gazteenarekin, Naiarekin, bai».
Naiarentzat lehenengo aldia izan da «hain maila handiko txapelketa batean» apuntatzen dela. «Eta zortez sailkatu egin gara». Zaldibiako kanporaketako jokalari gazteena izan zen. Aurretik herrian Gaztetxean eta Gaztelekuan antolatutako bi mus txapelketa ere irabazi ditu Naiak, bere lagun batekin bikotea osatuta.
Baina karta onak etortzea eta zortea bakarrik ez, «jokatzen ere jakin egin behar da», diote. Horretarako sekretua, musean aritzea dela diote. «Bikotea ezagutzea garrantzitsua da. Zenbat eta gehiago ibili lagunarekin, gero eta gehiago ezagutzen da. Nola jokatzen duen, jokatzeko era….». Aste honetan, entrenatu eta entrenatu aritu dira, denbora izan dutenetan.
Bi partida irabazi behar
Peio Olano behin bakarrik iritsi da herrialdeko finalera, eta inoiz ez Euskal Herrikora. Apirilaren 5ean Gopegin (Araba) jokatuko den Euskal Herriko finalera sailkatzeko bi partida irabazi beharko dituzte bihar Itsasondon. «Itsasondotik 32 sailkatuko dira Euskal Herriko finalera. Horrek esan nahi du bi partida irabazita sailkatu egiten dela finalerako. Ez da erraza. Erdiak aurrenekoan kanpora joaten dira eta hurrengoan beste erdiak».
Gazte asko, neska gutxi
Aurtengo mus txapelketan gazte asko dabil: «Diruaren erakargarritasunik ez dagoenez, profesional deitzen dioten muslariak atzeratu egiten ditu. Eta beste profil bateko muslariak gerturatzen dira. Herrikoiagoa da».
Baina nesken parte hartzea oraindik ere urria da. Bihar ariko diren 216 muslaritatik sei bakarrik izango dira emakumezkoak. Bikote bakarra da emakumez osatua. Naiaren esanetan, pixkanaka hasi dira musean jokatzen bere kuadrillan. «Nik erakutsi nien batzuei, beste batzuek bazekiten, eta denbora aurkitzen dugunean, afalondorenetan saiatzen gara musean ibiltzen». Amonari ere erakutsi diote. «Amonak nirekin batera ikasi du musean, eta ordutik gurekin aritzen da musean».
Ahizpa Erasmusetik itzultzen denerako erremedioa badu Naiak: «Bat aitonarekin eta bestea aitarekin».
Beasain-Arriaran
- Jon Esnaola-Joanes Murua.
- Lander Iparragirre-Kepa Jauregi.
- Beñat Verdugo-Urko Irisarri.
Olaberria
- Axier Saez-Iñaki Zabala.
- Iker Ojanguren-Unai Aranburu.
Zaldibia
- Asier Luke-Unai Zeberio.
- Altzo Txiki-Joxi Etxeberria.
- Peio Olano-Naia Olano.
Segura
- Iker Imaz-Xabi Collado.
- Iker Murgondo-Asier Zabaleta.
Idiazabal
- Iraitz Urkia-Jon Azurmendi.
Ataun
- Endika Apalategi-Reda.
- Paul Iruretagoiena-Mikel Arratibel.
Beasain
- Joxe Arotzena-Bixente Apalategi.
Itsasondo
- Iker Lasa-Ibai Labaien.
- Iñigo Lasa-Inko Mujika.
Legazpi
- Josu Etxeberria-Mikel Bereziartua.
Mutiloa
- Iker Imaz-Beñat Jauregi.
- Eñaut Altuna-Ion Sarasola.
Zerain
- Eneko Arzelus-Jon Mujika.
Arama
- Oier Uranga-Odei Aldasoro.
Gabiria
- Joseba Elgarresta-Asier Osinalde.
Lazkao
Aratz Igartzabal-Iker Arratibel.
Legorreta
- Jabi Diaz-Iñigo Zunzunegi.
- Ugaitz-Garmendia-Aratz Labaien.
- Ibon Olano-Haritz Gorostidi.
Ormaiztegi
- Kevin Magallanes-Yeray Mujika.
- Noelia Cuerva-Gorka Arratibel.
Ezkio
- Txomin Bidegain-Ximon Idiakez.
Urretxu
- Unax Elortza-Aiert Zubillaga.