Ordiziar berrientzat baliabide gida
Sei hizkuntzatan egokitu dituzte gidak: euskara hutsean, gaztelaniaz, errumanieraz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz.

Ordiziara iritsitako herritar berriei nahiz bertan bizi direnei zuzenduta, herriko Baliabideen Gida argitaratu du Ordiziako Udalak. Sei hizkuntzatan egokitu dituzte gidak: euskara hutsean, gaztelaniaz, errumanieraz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz. Bertan, udal baliabideen, gizarte nahiz osasun baliabideen, hezkuntza eta enplegu arlokoen nahiz herriko kultur eta kirol taldeen inguruko informazioa ematen da, besteak beste.
Ainhoa Jimenez Ongizate eta Berdintasun zinegotziaren esanetan, “2020an hasi ginen Harrera Plana lantzen, eta bertako puntu nagusietako bat, ‘Ongi etorri Ordiziara Harrera Gida’ sortzea zen. Orain arte hainbat ekintza egin dira zentzu horretan, baina beharra ikusten genuen Ordiziara etorri berriei harrera egiteko gida bat izatea, Ordiziak dituen sail eta baliabide guztien informazioa gune bakar batean jasoko zuena, etorri berriek informazio hori guztia eskura eta haien hizkuntzan ere izan zezaten”. Atzerriko hizkuntzetan dauden gidak, elebitan daude, izan ere, Jimenez arabera, “garrantzitsua iruditzen zitzaigun euskara denetan txertatzea”.
Baliabideen gida honetan, herriari buruzko informazio garrantzitsu eta erabilgarriak jasoko dituzte, hamar ataletan banatuta, argazki eta mapekin lagunduta: Udal baliabideen mapa, azpiegitura publikoak, euskara, berdintasun arloa, migrazioa eta aniztasun kulturalaren ingurukoak, kultur eta kirol elkarteak, Herritarren Arreta Zerbitzua, gizarte eta osasun baliabideak, hezkuntza eta enplegua, ingurumena eta zaborren kudeaketa, larrialdietarako telefonoak edota atzerritartasuneko tramiteen inguruko informazioa. Sei hizkuntzatako oinarrizko hiztegi bana ere jarri dute giden erdiko bi orrialdeetan.
Harrera zerbitzutik, erroldatzera etortzen diren guztiei banatuko zaie gida hau, baina udal arduradunek gogorarazi dute bertakoentzat ere oso informazio erabilgarria jasotzen duela, askotan ez baititugu herrian ditugun baliabide eta zerbitzu guztiak behar bezala ezagutzen.