Gipuzkoako muslari onenak Itsasondon elkartu dira
Euskal Herriko mus txapelketaren Gipuzkoako kanporaketa ari da jokatzen bertako pilotalekuan, 15:00etan hasita. Goierriko 30 bikote ari dira lehian.

Gipuzkoako 117 muslari bikote elkartu dira gaur arratsaldean Itsasondoko Errota pilotalekuan. Euskal Herriko Mus Txapelketaren Gipuzkoako finala dago jokoan bertan, 15:00etatik. Partaideen artean, 32 bikote goierritar ere badira.
Herriz herri kanporaketak egin ondoren, zazpi herrialdetako finalak jokatzeko eguna da gaurkoa. Itsasondon, Gipuzkoako 53 herri eta auzotako txapelketetan 704 bikoteren artetik sailkatutako 117 bikotek zuten hitzordua. Txapelketa honetan Hernanik du ordezkaritza handiena, eta aipagarria da Antzuola, bertako kanporaketan 34 bikotek parte hartu zutelako, eta gaurko saiorako 5 bikote sailkatu zirelako. Antolaketako kideek emandakoa datuak dira, baita emakume gutxi ari direla ere; deialdi berezia egin diete emakumeei, musean zaletu eta hurrengo txapelketa handian parte hartzeko.
Itsasondotik 32 bikote sailkatuko dira XVI. Euskal Herriko mus txapelketako final handirako, eta Gipuzkoako txapeldunak eta txapeldunordeak aterako dira. Gainerako sei herrialdeetako 96 bikote gehiago izango dituzte zain: Arabatik 16 bikote sailkatuko dira, Bizkaitik 10, Behe Nafarroatik 18, Nafarroa Garaitik 32, Lapurditik 14 eta Zuberoatik 6.
Euskal Herriko finala Arabako Gopegi herrian izango da, apirilaren 5ean. Gipuzkoako ordezkariak zeintzuk diren jakiteko, oraindik ordu batzuk falta dira Itsasondon.























































