Lazkao, trikiti doinuek hartuta
Herriko trikitilari eta trikiti ikasleez gain, hainbat musikari gonbidatu ere izan dira Lazkao Txiki Musika Eskolak antolatutako bigarren jaialdian.

Lazkao trikiti doinuen zaleen topagune bihurtu da gaurko egunez, herriko Lazkao Txiki Musika Eskolak antolatu duen bigarren trikiti jaialdiari esker. Eguraldiak asko lagundu ez badu ere, pilotalekuko aterpean elkartu dira hainbat trikitilari eta zale ugari, eguerdiko 12:00etan hasitako jaialdian.
Herriko trikitilari eta trikiti ikasleez gain, musikari gonbidatuak ere izan dira jaialdian: Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hektor Folk; Leire Zumeta, Amaia Arza eta Gari Otamendi; Jone Izagirre, Enara Donavera eta Malen Barrenetxea; Inma Karrera, Jokin Tolosa eta Iker Allur; eta Saioa Berasategi, Ane Urretabizkaia, Eider Tolosa eta Uxue Kerejeta. Hunkigarria izan da lehen hirukotearen azken abestia, Gorka Valdesek Brinkolako bere amonaren Agerrezabal baserriaren ondoko etxebizitzan bizi zen Kristina Zeberiori eskainita sortu, eta lehen aldiz abestu duelako publiko aurrean.
Soinu txikiaz gain, beste hainbat musika tresna ere erabili dituzte musikariek, besteak beste, gitarra, biolina eta sokako beste instrumentu batzuk, eta perkusioko elementu desberdinak.
Jaialdia amaitutakoan, partaide guztiak bazkaltzeko elkartu dira Ixurrene jatetxean.