Astebetez mugikorrik gabe
Ordiziara iritsi da ‘No phone challenge’ egitasmoa. Astebetez telefono mugikorrik gabe egongo dira Oianguren Institutuko DBH4 mailako 9 ikasle eta 6 irakasle. Ordiziako III. Adikzio Planaren barruan kokatutako egitasmoa da.

No phone challenge egitasmoa martxan jarri dute Ordizian. Oianguren Institutuko DBH4 mailako bederatzi ikaslek eta sei irakaslek parte hartuko dute lehen saio honetan. Egitasmoaren barruan, gaur utzi dituzte mugikorrak gelan, eta astebetez (batzuk ostiralera arte eta beste batzuk astelehenera arte) mugikorrik gabe egoteko erronka onartu dute. Udalak jakinarazi duenez, prozesu horren jarraipena egiteko, parte hartzaile bakoitzari liburuxka edo koaderno bana eman zaio; bertan, ikasle nahiz irakasleek haien bizipenak kontatu ahal izango dituzte. Ordiziako III. Adikzio Planaren barruan kokatutako egitasmoa da.
Ikasturtean zehar, Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkano adituen eskutik, Mugikorraren auzia formazio saioa jaso dute, eta egitasmoaren bigarren pausoa, astebetez mugikorrik gabe egotea izango da. “Helburua, mugikorraren erabileraren gaineko kontzientzia sortaraztea, eta azken batean, mugikorraren erabilera osasuntsu bat bultzatzea da”.
Herri mailako lanketa egin zuten lehenengo eta ondoren, proposamena ikastetxe ezberdinei egin zaie. “Oraingoan Oianguren Institutua izan da erronkari heldu diona, baina aurrerantzean, posible da beste ikastetxe batzuek ere bat egitea”.