Dolu perinatala ikusarazteko argazki erakusketa eta mahai-ingurua Ordizian
Ordiziako Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Esku Hutsik elkarteak elkarlanean antolatu dute.

Ordiziako Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Esku Hutsik elkarteak elkarlanean, haurdunaldiko edo jaiotza-inguruko dolu perinatalaren inguruko sentsibilizazioa egingo dute Ordizian. Horretarako, Barrenako erakusketa aretoan, Dolu perinatala ikusaraziz argazki erakusketa jarri dute eta apirilaren 10ean, mahai ingurua antolatu dituzte.
Esku Hutsik guraso ezberdinek sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, haur baten, haurdunaldi garaian, jaiotza inguruan edo jaioberritan heriotzagatik dolua bizi izan duten edo bizitzen dauden familiei laguntza ematea du helburu.
Ainhoa Jimenez Ongizate eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “gizartean gaur egun oraindik ere tabua den gaia” da dolu perinatalarena. “Heriotza eta dolua bere modu guztietan da tabua oraindik, baina are gehiago haurren heriotzaz ari garenean. Horregatik, aspalditik ikusten genuen gai hau gizarteratzeko beharra, eta hortik sortu da Esku Hutsik elkartearekiko harremana”.
Bi ekitaldi
Sentsibilizazio horretan, batetik, ‘Dolu perinatala ikusaraziz’ erakusketa jarri dute Barrenan, apirilaren 11ra arte. Haurdunaldian zehar, erditzean edo jaio ondorengo hilabeteetan gertatutako haurren heriotzaren inguruan hausnartzeko gonbita egiten du erakusketak. Nerea Garaizar argazkilariaren 15-20 argazki biltzen ditu, eta argazki bakoitzaren azpian familien testigantzak jasotzen dira.
Bestetik, apirilaren 10ean, ‘Dolu perinatala ikusaraziz: Haurraren heriotza haurdunaldian zehar, erditzean edo jaio ondorengo hilabeteetan’ mahai ingurua antolatu dute Barrenan, 18:00etan. Esku Hutsik elkarteko kideak eta familiek, Zumarragako emaginak eta argazkilariak parte hartuko dute.