Gau "itzela" larunbatean Legazpin, Andoni, Iñurri eta Pau gogoratzeko
Oholza Bete Bihotz kontzertuan jo zuten John Dealer & The Coconuts eta El Noi Del Sucre taldeek giro paregabea jarri zuten Azokan. Antolakuntza pozik eta eskertuta dago omenaldiarekin eta partaideekin.

Beti Gazte Animakzio taldeak antolatuta larunbatean Legazpiko Azokan egin zen Oholtza Bete Bihotz omenaldi-kontzertua “itzela” izan zen. Beti Gazteko kide ziren Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi eta haien laguna Paul Alsina gogoratzeko kontzertuaren bigarren edizioan John Dealer & The Coconuts talde legazpiarrak eta El Noi del Sucre sevillarrak jo zuten, sarrera guztiak agortuta zeudela.
Antolatzaileak pozik eta eskertuta daude kontzertuarekin. Sare sozialetan “izugarri ondo” joan zela zabaldu dute, eta esker mezuak helarazi dizkiete laguntzaile guztiei: Legazpiko Udalari, Azoka barruan barran lan egin zuten Txo!Esna taldeko kideei, soinuaz arduratu zen Molatu enpresari, eta bi taldeetako musikariei.
El Noi del Sucre eta Odisea Records-ekin oso eskertuta azaldu dira, taldearen agurreko biran Legazpi sartzeagatik eta Lorenzo Morales abeslariaren jarrera goraipatu dute, “hasieratik omenaldira etortzeko prest agertu zelako” eta “eszenatokian den-dena emateagatik, izugarria izan zen!”. Morales lehenago ere izanda dago Legazpin, hain zuzen Oholtza Bete Bitoz omenaldi-kontzertuaren lehen edizioan, 2023ko San Ignazio auzoko festatan. Andoni, Iñurri eta Pauren lehen omenaldi-kontzertu hartarako Sevillatik etorri zen espresuki, eta El Noi Del Sucreren hiru lan abestu zituen, John Dealer eta The Coconuts taldekoekin.
Oraingoan, El Noi del Sucre osoa izan dute oholtzakide John Deaeler & The Coconuts taldekoek, eta horientzat ere izan dituzte esker hitzak Beti Gaztekoek: “Eskerrik asko betidaniko zuen jarreragatik, zuen laguntza behar izan dugun guztietan hor egon zarete, azken unean deitu bazaituztegu ere, beti edozertarako prest eta beti kristoren lana egiten”. Gainera, “larunbatekoa ez zen soilik kontzertu bat izan” esan dute, “erakustaldi bat izan zen, gogoa eta kalitatea, izugarrizko kalitatea, herriko halako talde bat izateak eta beti edozertan laguntzeko prest egoteak suposatzen denaz ez gara konturatzen”.
Publikoa ere ez dute ahaztu, “hamaika lekutatik etorritakoa… jendeak dezente disfrutatu zuela argi gelditu zen”.
Amaitzeko, Andoni eta Iñurriri zuzendu dira, eta eskerrak eman dizkiete “izan zineten bezalakoak izateagatik, eta hainbeste jendeari eman zenioten guztiagatik; faltan botatzen zaituztegu eta faltan botatzen jarraituko dugu. Egin dezakegun omenaldirik onena Beti Gaztek aurrera jarraitzea izango da, zuek jarritako bideari jarraituz… eta horretan ari gara”.

ARGAZKIA: Nahia Kaspistegi

ARGAZKIA: Nahia Kaspistegi

ARGAZKIA: Nahia Kaspistegi

ARGAZKIA: Nahia Kaspistegi

ARGAZKIA: TM

ARGAZKIA: TM

ARGAZKIA: TM

ARGAZKIA: TM

ARGAZKIA: Nahia Kaspistegi

ARGAZKIA: Nahia Kaspistegi

ARGAZKIA: Nahia Kaspistegi

ARGAZKIA: Nahia Kaspistegi

ARGAZKIA: Nahia Kaspistegi

ARGAZKIA: TM