'Legazpitik mundura' ikuskizuna, Txillidaren omenezko egitaraua ixteko
Musika, dantza eta irudia uztartzen ditu, eta kiroldegian izango da larunbatean, 19:30ean. Bihar bisita gidatua egingo dute Bellota lantegiko museora.

Urte betetik gorako egitarau zabal baten ostean, larunbatean amaierara iritsiko da Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko Legazpiko Udalak eta Lenbur Fundazioak antolatutako ekitaldi sorta. Ez da nolanahiko amaiera izango, herriko musika talde handienak, bi dantza taldeak eta beste hainbat elkarte igoko direlako oholtzara, eskultoreak Legazpin egindako lanak munduan zehar noraino iritsi diren erakusteko. Legazpitik mundura ikuskizuna eskainiko dute guztien artean.
Hitzordua Bikuña kiroldegian izango da, 19:30ean, baina sarrera guztiak agortuta daude. Lekurik gabe geratu direnek aurrerago izango dute ikuskizuna ikusteko aukera, Euskal Telebistako Oholtzan programak grabatuko duelako, eta datozen asteetan emango duelako.
Larunbateko jaialdia
Alaitasuna errondaila, Doinua Musika Eskola, Santikutz abesbatza, Goiz Deia Txistulari Banda, Legazpi Musika Banda, LEK erraldoi konpartsa, Ion eta Agurtzane Elustondo, Sustraiak eta Korosti dantza taldeak eta Suttanttakun txalapartariak izango dira Legazpitik Mundura ikuskizuneko partaideak. Josu Altzelairen irudiek osatuko dute musikak eta dantzak emango dutena. Oholtza gainean eta horren inguruan, 250 artista baino gehiago elkartuko dira.
Larunbateko saioaren aurkezpenean Amaia Aizpurua zinegotziak eta Korosti dantza taldeko kideak gogoratu zuenez, «urte asko dira herriko kultur taldeek denek elkarrekin ezer egiten ez genuela, 2008an izango zen azken aldia, eta aspalditik genuen zerbait egiteko gogoa», eta Txillidaren ospakizunek eman diete horretarako aukera.
Txillidak Legazpin egin zituen obrak dira ikuskizunaren abiapuntua. Lenbur Fundazioko ordezkari eta jaialdiko partaideetako bat den Agurtzane Elustondok azaldu du mundu osoan daudela barreiatuta, «eta leku horietara bidaiatuko dugu leku horietara, musikaren, dantzaren eta irudiaren bitartez: Whashington, Dallas, Berlin, Santiago, Bartzelona, Gasteiz…».
Hainbeste partaide izanik, «koordinazio handia» eskatu duen ikuskizuna dela ere esan du, eta boluntarioki egin den lana nabarmendu du. «Orain, denak ilusioz beteta gaude, jaialdi oso polita prestatu dugulako».
Bellota museora bisita
Legazpitik mundura ikuskizunak Txillidaren jaiotzaren mendeurrenaren inguruan herrian antolatutako ekitaldiak itxiko ditu, baina ez da izango aste honetako bakarra, aurretik, gaur bertan, Bellota lantegiko museora bisita gidatua ere egingo delako.
Izan ere, «Patrizio Etxeberria ezinbestekoa izan zen Txillidarentzat», Aizpuruaren esanetan, eta haren lantegi handiaren ondokoa den Bellotako museoa bisitatuz, eskultoreak Legazpin egin zuen ibilbidea ezagutarazi nahi dute. Aldez aurretik izena eman zuten legazpiar talde txiki batek izango du aukera museo hori eta lantegiko instalazioak eta hainbat prozesu ezagutzeko.
«Jende asko geratu da bisita horretara joan ezinik, ez zegoelako leku gehiago, baina gestioak egiten ari gara etorkizun labur batean ere erakusketa hori ikustera joan daitezen».
Urte betetik gorako ekitaldi egitaraua
«Eduardo Txillida oso garrantzitsua izan da Legazpiko historian, eta 2024an 100 urte beteko zituela aitzaki hartuz, Legazpiko Udalak, Lenbur Fundazioak eta Legazpiko hainbat eragilek ekitaldiz beteriko urtea antolatu zuten», Amaia Aizpurua zinegotziak gogoratu zuenez. Hala, iazko martxotik gaur egunera arte, hilero izan da ekitaldiren bat, «legazpiarrek Txillidak egindako lana ezagutarazteko eta Legazpiko izena gure herritik kanpora zabaltzeko» helburuz.
Txillida familiak berak parte hartu du hainbat ekitalditan, bereziki eskultorearen seme Luisek. Udala eta Lenbur «oso eskertuta» daude familiaren inplikazioarekin.
Hain zuzen, Luis Txillidaren solasaldi batekin hasi zen egitaraua, eta ondoren, makina bat erakusketa, errezitaldi, kontzertu eta bisita izan dira eskultorea gogoratzeko. Santikutz festetan, adibidez, haurren danborradan ateratzeko karroza berezi bat egin zuten, Ilintik lehiaketa bat antolatu zuen erakusleihoetan, arte topaketa bat egin zuten Txillida Lantokian herriko ikastetxeek eta hainbat elkartek, Txillida Lekura bisita egin zen, Haizearen Orrazia sehaska kanta ikuskizuna eskaini zuten, Aromak kontzertua egin zuten, eskultorearen lanen inguruko erakusketa ere bai…
Orain, egitaraua ixteko, herriko musikarik, dantzarik eta beste kultur eragile batzuk, Legazpitik mundura eramango dituzte legazpiarrak larunbatean.