Ordiziako haur eskola Haurreskolen Partzuergoan sartzeko eskatu du EAJk
Datorren udalbatzan lantzeko mozioa aurkeztu du EAJko udal taldeak. "Herritarren mesedetan, zerbitzua doakoa, publiko eta kalitatezkoa bihurtzea" eskatzen dute jeltzaleek.

Ordiziako EAJ-k jakinarazi duenez, datorren udalbatzan,”gaur egun Ordiziako Udalak eskaintzen duen haur eskola zerbitzua Haurreskolen Partzuergoan integratzea” eskatzeko mozioa aurkeztu dute. EAJrentzat helburua “argia” da: “Zerbitzua doakoa, publiko eta kalitatezkoa bihurtzea, herritarren mesedetan”.
EAJk gogoratu duenez, 2022ko apirilaren 7an sinatutako Hezkuntza Akordioak “Haurreskolen Partzuergoaren aldeko apustua berretsi zuen, eta zerbitzua unibertsala eta doakoa izatea ezarri zuen. Horren ondorioz, 2022-2023 ikasturtetik aurrera, Haurreskolen Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua doakoa da familientzat”.
Era horretan, datorren udalbatzan EAJk aurkeztuko duen mozioarekin, Ordiziako Udalari “urratsak eman” ditzan eskatuko dio, “gaur egungo zerbitzua Haurreskolen Partzuergoan integra dadin”.
EAJren ustez, hiru “abantaila” ekarriko ditu horrek. Batetik, “Ordiziako haur eta familiek doako zerbitzu publiko bat izango dute, kalitatezko irizpideekin”. Bestetik, udal aurrekontuan eragina izango duela dio: “Egungo sistemak esfortzu ekonomiko nabarmena suposatzen dio udalari. Partzuergoan sartzeak karga hori arindu eta baliabide gehiago ahalbidetuko lituzke udal zerbitzuak indartu edo inbertsio berriak egiteko”.
Prozesua “egungo langileen eskubideak bermatuz” egingo dela nabarmendu du EAJk, “eta borondatea badago, langileak Haurreskolen Partzuergoan integratzeko aukera izango dute”.
Guzti horregatik, EAJk eskatzen du, “Ordiziako Udalak Hezkuntza Sailarekin eta Haurreskolen Partzuergoarekin elkarlanean aritzea, prozesu hau ahalik eta azkarren gauzatzeko, eta familien beharretara doitzeko”.