Aizkorri kalea eta Bikuña eremua bisitatuko dituzte ostegunean udal agintariek
Itxaropenen hasitako Legazpi Auzoetatik programaren bigarren geldialdia izango da. Hitzordua 18:00etan izango da, Bikuña jauregian.

Aizkorri kaleko eta Bikuña inguruko biztanleekin elkartuko dira udal agintariak etzi osteguna, Legazpi Auzoetatik programaren bigarren geldiaaldian. Herriko auzoetako beharrak herritarren ahotik zuzenean jaso ondoren, horiei erantzuteko ekintza plan bat burutzeko eta interbentzio ezberdinak egiteko helburua duen udalaren programa da Legazpi Auzoetatik. Otsailean abiatuta, urte osoko iraupena izango du, udal agintariek auzo guztiak bisitatzeko asmoa dutelako.
Itxaropen auzoan hasi zuen udalak erronda, eta esperientzia “oso aberasgarria” izan zela ondorioztatu zuten parte hartzaileek. Oraingoan, Aizkorri kalea eta Bikuña ingurua bisitatuko dituzte udal agintariek, eta osteguneko 18:00etan geratu dira auzotarrekin, Bikuña jauregian. Handik abiatuta, ibilaldia egingo dute elkarrekin eta gero jauregira itzuli, “auzoko gaien inguruan jardun eta mokadutxoa hartzeko”.