Josu Altzelai eta Gorka Gomez sarituak Cascanteko argazki rallyan
Nafarroako herri horretan dagoen Malon de Echaide upategiak antolatutakoa da, ardoaren inguruan. Iazko azaroan egin zuten, eta asteburu honetan jaso dituzte sariak legazpiarrek.

Josu Altzelai eta Gorka Gomez argazkilariek sari gehiago ekarri dituzte Legazpira, oraingoan Nafarroatik. Azpeitiko Gautxori rallyan hurrenez hurren lehenengoa eta hirugarrena geratu eta gero, Cascanteko Malon de Echaide ardo upategiak antolatutako 11. argazki rallyan hiru sari irabazi dituzte bien artean.
Josu Altzelaik rallyko argazki onenaren saria irabazi du, eta Cascante gaitzat zuen ataleko onena ere berea izan da. Gorka Gomezek, berriz, diagonalen gaiko atalean irabazi du saria.
Argazki rallya joan den urteko azaroaren 23an egin zuten, baina sari banaketa ekitaldia pasa den asteburu honetan izan da. Altzelairekin eta Gomezekin batera beste argazkilari legazpiar bat izan zen sari banaketan, Gurutze Langarika, hori ere argazki rallyetan zaletua.