Argi Berri bertsolari gazteen sariketa jokatuko da larunbatean
Ordiziako Argi Berri elkartean jokatuko da, sei bertsolarirekin; tartean Mikel Etxezarreta olaberritarra ariko da. Gabiriako Osinaldeko finalerako bi bertsolari sailkatuko dira.

Apirilaren 26an Gabirian jokatuko den 53. Osinalde bertsolari gazteen sarirako bidea larunbatean hasiko dute Ordizian, Argi Berri elkartean, sei bertsolarik. Tartean da Mikel Etxezarreta olaberritarra. Beste hamabi bertsolari gaztek datozen bi larunbatetan izango dute aukera Osinaldera sailkatzeko.
27. Argi Berria saria larunbatean jokatuko da Ordizian, izen bereko Buztuntza auzoko elkartean. Aldaketa nabarmen batekin dator aurtengo sariketa: orain artean bertso afarien bueltan antolatzen bazuten ere lehiaketa, aurten, bazkal giroan egingo dute. «Jende gehiago animatzeko asmoarekin bazkarira aldatu dugu», diote Argi Berrikoek.
Egun osoko plana antolatu dute: 13:00etan trikipoteoa egingo dute auzoan, Argi Berri elkartetik abiatuta. 14:00etan, bazkaria egingo dute; gaur da bazkarian izena emateko azkeneko eguna (688 698 858). 30 euro balio du txartelak. Eta bazkalondorenean, bertsoaren lehia hasiko dute sei bertsolari gaztek.
Osinaldera begira
Apirilaren 26an Gabirian jokatuko den Osinalde bertso sarira, hiru kanporaketetan parte hartuko duten hemezortzi bertsolarietatik sei iritsiko dira. Bide horretan, bi goierritarrek izango dute aukera: Mikel Etxezarretarekin batera, June Aiestaranek
- Martxoak 29. Argi Berri saria (Ordizia): Haira Aizpurua (Sara, 2006), Libe Goenaga (Getaria, 1999), Mikel Etxezarreta (Olaberria, 2003), Irantzu Idoate (Hazparne, 2005), Danel Herrarte (Aramaio, 2004) eta Maddi Agirre (Gasteiz, 2005).
- Apirilak 5. Osinberde saria (Zaldibia): Eki Mateorena (Leitza, 2005), Janire Arrizabalaga (Gernika, 2003), Jon Mendiluze (Irura, 2005), Ekain Alegra (Altsasu, 2001), Josu Ibarguren (Oiartzun, 2000) eta Iruri Altzerreka (Garai, 2000).
- Apirilak 12. Aztiria saria (Gabiria): Aitor Tatiegi (Oñati, 2001), June Aiestaran (Beasain, 2006), Beñat Astiz (Barañain, 2004), Peru Irastortza (Algorta, 2001), Naia Arrizabalaga (Azkoitia, 2004) eta Maite Sarasola (Deustu, 2001).