'Mari, Aketegiko dama' ikus-entzunezkoa irekian ikusgai jarri du Koke Lasak
2022an osatu zuen lana ormaiztegiarrak, eta herriz herri aurkezten ibili da azken urteetan. Youtube plataforman jarri du ikusgai.

Koke Lasa (Ormaiztegi, 1959) alpinistak berak ondutako Mari, Aketegiko dama. Alpinismoa eta mitologia uztartzen ikus-entzunezkoa irekian ikusgai jarri du Youtube plataforman. 2022an osatu zuen lana, eta azken urteetan herriz herri ibili da lana aurkezten eta bere abenturak kontatzen, Ataunen, Idiazabalen, Ormaiztegin, Lazkaon, Legazpin edo Zegaman, besteak beste.
Asmatutako kontakizun baten aitzakian, inguruko mendi, haitzulo eta kanaletako hainbat irudi erakusten ditu: “Aizkorrin asko ibilia naiz; batez ere, neguan. Mariren kobazuloetako bat ere bertan dagoela entzun izan dugu beti”, azaldu zuen Ormaiztegikoak lana ondu zuenean. Lanean kontatzen duenez, mendizale gazte batzuk Aizkorrira joango dira, eta laino zuri bat ikusiko dute Aketegi inguruan. Kea Aketegiko haitzulotik datorrela eta ziurrenik Mari ogia egitean ariko dela esango die beste mendizale batek. Hortik abiatuta, Mari aurkitzeko ahaleginean haitzuloz haitzulo abiatuko dira gazte horiek Murun, Anboton, Txindokin, Aloñan…