«Osinalde Euskal Herrian dagoen plazarik onenetakoa da»
Mikel Etxezarretak (Olaberria, 2003) Ordiziako bertsolari gazteen Argi Berri sarian parte hartuko du larunbatean, beste bost bertsolarirekin batera. Osinaldeko finalerako, bi bertsolari sailkatuko dira Ordiziatik.

Mikel Etxezarretak (Olaberria, 2003) Ordiziako bertsolari gazteen Argi Berri sarian parte hartuko du larunbatean, beste bost bertsolarirekin batera. Osinaldeko finalerako, bi bertsolari sailkatuko dira Ordiziatik.
Osinaldeko kanporaketako lehenengo saioan ariko zara, Ordizian, Argi Berri sarian.
Hala tokatu zaigu. Ez neukan preferentziarik eta tokatutakoarekin gustura. Saio ona tokatu zait egia esateko, jendea ere jatorra, eta gogoarekin nago.
Bertso afariaren ordez, bertso bazkaria izango da.
Formatua aldatzea erabaki zuten jendea erakarri nahian. Ez zait txarra iruditzen. Bazkaldu ondoren ez dira bertso batzuk gaizki etortzen.
Aurretik, triki poteoa dago.
Gehiegi ezingo dugu poteatu, baina tira.
Bigarren aldiz hartuko duzu parte Goierriko bertsolari gazteen sariketan.
Iaz hartu nuen parte lehen aldiz. Aztirian kantatu nuen eta egia esanda, oso gustura geratu nintzen. Izugarrizko giroa zegoen, lagun asko joan ziren eta horrekin ere eskertuta nago. Oso saio polita izan zen eta nire maila eman nuela uste dut. Nahiko gustura gelditu nintzen.
Bertsolari gazteentzat Osinalde erreferentziazko sariketa izango da.
Niretzat, dagoen sariketarik inportanteena bada, eta Osinaldeko finala Euskal Herrian dagoen plazarik onenetakoa dela iruditzen zait.
Aukerarik ikusten duzu Osinalde elkartera iristeko?
Nire lehentasunetan ez dago hori, oso jende ona dagoela badakigu. Eskolartekoan Euskal Herriko txapela atera dutenak badaude, Gipuzkoan oso aurrera ibili direnak… Baina esperantza inoiz ez da galdu behar, nik neure buruarekin konfiantza ere badaukat, eta lehenengo saioa ondo egitea eskatzen dut. Gero saria badago, anbizio hori badaukat, baina ez dut sentitzen betebehar bat Gabiriara pasatzea, dagoen mailagatik. Baina bada ilusio bat, eta badaukat gogoa Gabirian kantatzeko. Lehenengo behintzat, larunbatean Argi Berrin saio on bat egin, gustura geratu nire buruarekin eta handik aurrera etorriko da etorri behar dena.