Tolosako hiltegiko langileek protesta egin dute Ordizian
Hilabete daramate greban, eta Ordiziako azokan elkartu dira gaur. Soldatak ordaintzeko eskatu diote enpresari, eta zerbitzua publifikatzeko Tolosaldeko Mankomunitateari.

Otsailaren 24tik greban daude Tolosako hiltegiko hamaika langileak. Hiru hilabete daramatzate soldatarik kobratu gabe. Gaur hogeita hamaikagarren greba eguna dute, eta Ordiziako Azokan egin dute elkarretaratzea. Grebak erabateko jarraipena du eta hortaz itxita dago hiltegia. Goierriko herri gehienetako abeltzainek hiltegi horretara eramaten dituzte abereak hiltzera eta hainbat udal dira hango mankomunitateko partaide.
Tolosaldeko Mankomunitatea da hiltegiaren zuzeneko arduraduna, baina lizitazio bidez, enpresa pribatuen esku jarri izan da gestioa, eta Industrias Carnicas del Oria enpresa da kudeatzaile nagusia. ELA sindikatuak adierazi du langileek hilabeteak daramatela soldatarik jaso gabe eta “hiltegiaren gestio kaskarra” salatzen. Horregatik, soldatak ordaintzeko eskatu diote enpresari eta zerbitzua publifikatzeko Tolosako Mankomunitateari: “Enpresari soldatak ordaindu ditzala eskatu diote eta mankomunitateari gestio egokiaren ardura har dezala. Izan ere, egoera honetara iritsi izanak, eragin zuzena duela uste dute zerbitzua pribatizatzearekin”.