Zizak izan dira izarrak udaberriko lehen ferian
Urteko lehen ilarrak eta babak ere iritsi dira, eta loreen eskaintza zabaltzen doa astetik astera.

Aspalditik zeuden perretxikozaleak zain, baina udaberriko lehen feriara arte ez dira iritsi Ordiziara urteko lehen zizak. Eta izan izan dira gaurko izarrak Plaza Nagusian, lehen ilarrekin eta babekin batera.
Ohi bezala, Mikel Lasaren postuan aurkeztu dituzte udaberriko zizak, «hemen inguruan bildutakoak», Joxean Kortajarena saltzaileak adierazi duen moduan. Bi kilo aurkeztu dituzte, tamaina txikiko aleekin osatutakoak, eta kiloa 160 euroan jarri dute salgai. Denboraldiaren hasiera besterik ez da, eta eguraldiak laguntzen badu behintzat, izango dira askoz ere ziza gehiago, eta merkeago, datozen asteetan. Laster hasiko dira, gainera, zizak saltzen dituzten beste bi postuak jartzen Barcina eta Garbiñe Barandiaran. Eta bertako saltzaileen postuetan ere izango dira aukeran, urtero bezala.
Ilarrak eta babak
Zizek bezala, beste bi berritasunek ere erakarri dute erosleen eta bisitarien arreta, gaur urteko lehen ilarrak eta babak ere aurkeztu dituztelako. Bi landareetan lekak loditzen ari zirela aspaldi ari ziren esaten saltzaileak, baina gaur arte ez dira ferian ikusi.
Ilarrak Monteseko Arantxa Iparragirrek zituen salgai, kiloa 12 euroan. Ale txiki-txikikoak ziren, Roberto Ruizek eta beste sukaldari batzuek gustuko duten tamainakoak, beraz. Dorian motako ilarrak ziren, leka handia eta ale potoloa izaten dutenak, baina lehenak behintzat, malko ilarrak zirela esan daiteke.
Babak, berriz, Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpa aramarren postuan izan ditzute salgai, kiloa 7 euroan. Horiek ere, ilarrek bezala, denboraldia hasi besterik ez dute egin, eta aurrerantzean eskaintza zabaltzen joango da.
Loreak ere ugaritzen
Udaberriak feriako lore eskaintzari ere eman dio astindua, eta Iñaki Azanzaren postuan berri batzuk ikusi dira dira goizean. Hala, dragoi begonia ere erosi daiteke dagoeneko, 4,5 euroan, baita lobelia (1,5 euroan), dimorfoteka (5,5 euroan) eta krabelina ere (5,5 euroan).