Irene Paredes, baloi inklusiboaren enbaxadore
Tximist Fundazioak kaleratu duen The Equality Ball baloiaren aurkezpeneko bideoan agertzen da Legazpiko futbol jokalaria eta munduko txapelduna. Generorik ez duen baloia da.

Emakumezkoen eta gizonezkoen futbolaren arteko desberdintasunak alboratu, eta generorik ez duen lehen baloia kaleratu dute Real Sociedad taldeari lotutako Tximist Fundazioak eta _2045 kreatibitate eta berrikuntza agentziak. The Equality Ball du izena, eta baloi inklusiboa da, “ez da ez genero batena ez bestearena, baizik eta futbola praktikatzen duten guztiena”. Irene Paredes futbol jokalari legazpiarra da baloi honen enbaxadorea, eta bere aurkezpen bideoan parte hartu du.
Futbola “hizkuntza unibertsala” dela dio Tximist Fundazioko sortzailea, eta futbol jokalari profesionala izandakoa eta orain entrenatzaile den Aintzane Encinasek. “Futbolak mundu osoko milioika pertsona elkartzen ditu, baina desberdintasunak ditu. Baloi honekin desberdintasun horiek alde batera utzi, eta futbolaz bakarrik hitz egiten hasi nahi dugu”.
Baina inklusioaren sinbolo bat izatetik harago, “eraldaketa sozialerako tresna bat” ere bada baloia, bere salmentatik ateratako diruaren zati bat futbolean berdintasuna bultzatzeko eta mundu osoan zehar beharrean dauden komunitateetan kirol eta hezkuntza azpiegiturak eraikitzeko erabiliko da.
“The Equality Ball baloia eskoletan, kaleetan eta estadioetan erabiltzea nahi dugu. Futbola guztiona dela sinbolizatu dezala nahi dugu. Pase bakoitzarekin, gol bakoitzarekin eta partida bakoitzarekin, mundu berdinzaleago bat eraikitzen lagundu dezagun”.
Baloia www.TheEqualityBall.com webgunean erosi daiteke.