Oianguko palarien emaitzak
Goierriko Kopa Luzuriaga-Etxeberria bikoteak irabazi du.

Azken asteak ez dira “onenak izan emaitzei dagokienean” Ordiziako Oiangu pilota elkartearentzat, “baina guztiak ez dira eskasak izan eta goraipatzekorik ere bada tartean”.
Martxoaren 15ean jokaturiko Udaberri txapelketako finalean, Josu Oiarbide eta Peru Ormazabalek ezin izan zuten garaipena eskuratu. “Aurkarien etxean jokatu zen finala eta finaleko urduritasunak tarteko, Debakoak baina gutxiago izan ziren eta 35-21ko emaitzaz itzuli ziren etxera. Denboraldi hasieran jokaturiko larruzko paletako txapelketan ere maila bikaina eman zuten 3.en mailako finalera iritsiz eta modalitatean berriak izan arren, goranzko joera nabarmenean dira”.
Bestalde, GRABNI txapelketako bi jardunaldi jokatuak dituzte jada gipuzkoarrek. “Oso emaitza eskasak izan direlarik nafar zein bizkaitarren aurka. Larruzko pala modalitatean Gipuzkoarrek jokaturiko hamar partidetatik bakarra irabaztea lortu dute. Zehazki Aratz Elorza Ordiziarrak pasa den larunbatean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokaturiko partida. 22 urte azpiko kategorian, pala motzeko modalitatean eta Iñaki Lopez de Munain andoaindarra lagun, 40-32 emaitza lorturik. Aurrerantzean emaitzek hobera egingo dutelakoan gaude”.
Goierriko Kopako finala
Pasa den larunbatean Goierri kopako finala jokatu zen Olaberriko udal pilotalekuan. “Ia 20 pilotarik larruzko paletan parte hartu dute eta finalerako Luzuriaga-Etxeberria eta Oiarbide-Letamendia genituen sailkatuak. Partida estua joan zen une luzez, 20ean berdin ere bai. Baina amaieran Luzuriaga-Etxeberria bikotea sendoago aritu zen eta partida irabaztea lortu zuten, 35-26”. Finaleko pilotari onenaren saria zaldibiar gaztearentzat izan zen, Aimar Etxeberria.