Apirileko lehen feria, landare eta lore artean
Giroak ez duela asko laguntzen entzuten bada ere, jendea hasita dago baratzerako landareak eta udaberriko loreak erosten.

Hotz egiten duela oraindik, eguzkirik ez dela ia ikusten, lurra bustia dagoela… Aitzaki ugari entzuten dira azken asteazkenetan Ordiziako ferian dabilen jendearen inguruan baratzean lanean ez hasteko, baina landare saltzaileen postuetan ikusten den mugimenduak eta handitzen doan eskaintzak bestelakoa adierazten du.
Kontua da udaberria hemen dagoela, eta iritsi dela garaia baratzak prestatu eta udako denboraldiari begira landareak aldatzen hasteko. Eta horretarako prest daude landare saltzaileak duela aste batzuetatik, eta gaur bertan, eskaintza berriarekin agertu dira Plaza Nagusira. Hala, aurretik zuten kuiatxoari alberjinia eta luzokerra batu zaie (0,30-0,40 euro), piperren artera Gernika, morroa eta italiarra iritsi dira (0,25 euro), orburua ere agertu da (euro bat), eta tomateetan, Aretxabaleta (0,70 euro) eta txertatua (1,80 euro) hasi dira.
Usain belarrak
Landare postuetan bezala, loreak saltzen dituen Iñaki Azanzarenean ere nabaritzen da mugimendua udaberriko eskaintza berriaren inguruan. Azanzak ia astero aurkezten du loreren bat, eta gaur, di-da batean saldu dituen surfinien txanda izan da (2,90 euro). Ezkila lore koloretsuak ere bazituen, 8,5 euroan.
Gainera, usain belarren eskaintza aparta du. Besteak beste, garraiska, erromeroa, ezkaia, oreganoa, izpilikua eta berbena limoiusaina eskaintzen ditu, 3,5 eta 5,5 euro bitartean bakoitza.
Ziza gehiago
Perretxikoen atala ere mugitzen hasita dago, joan den astean udaberriko lehen zizak agertu ondoren. Egia da oraindik ez dagoela eskaintza handiegirik, zizak besterik ez, baina laster iritsiko dira perretxiko mota gehiago, eta horrek bizitasuna erantsiko dio asteazkeneroko feriari.
Gaur, lau kilo zizarekin konformatu behar izan dira perretxiko zaleak. Mikel Lasaren postuan zituzten salgai, kiloa 160 euroan, hau da, aurreko asteko prezio berean. Baina laster etorriko dira kilo gehiagoko asteazkenak, eta horiekin batera, baita prezioaren jaitsiera ere.
Lasaren postuan ilarrak ere bazituzten salgai, Hernanikoak, ondoan zuten kartelean idatzita zegoenez. Maravilla motakoak ziren, eta kiloa 16 euroan zuten. Aurreko astean hasi ziren ilarrak, eta Montesen postuan Dorian motakoak ere badituzte salgai, 12 euroan. Azken hauek, leka eta ale handiagokoak dira.
Urteko lehen babak ere joan den asteazkenean iritsi ziren, eta gaur izan da gehiago salgai. Honen prezioa 6 eta 7 euroan izan da.