Norvegiar eta frantziar ikasleak, Jakintza Ikastolakoekin
Gaintza eta Ordizia arteko Peribidea berreskuratzea da Erasmus+ egitasmoaren proiektu nagusia.

Erasmus+ proiektuan murgilduta daude Ordiziako Jakintza Ikastolako batxilergoko ikasleak, Txekiako, Frantziako eta Norvegiako ikastetxe banarekin. Aste honetan, norvegiarrak eta frantziarrak etorri dira Goierrira, txekiarrek azaroan egin zuten bezala. Larraitz Garmendia Jakintza irakasleak emandako datuen arabera, Norvegiako Melhus herritik, Melhus Videregaende Skoletik, 16-17 urteko hamabi ikasle eta bi irakasle ikasle etorri dira, eta Frantziako Pezenas herriko Lycée des Métiers Charles Alliès de Pézenasetik beste 16-17 urteko 25 ikasle eta 4 irakasle.
Peribidea
Gaintza eta Ordizia lotzen dituen garai bateko Peribidea berreskuratzea da lau herrialdetako lau ikastetxeren arteko proiektuaren ardatza. Gaur goizean, Gaintzatik Ordiziarako bidea egin dute denek elkarrekin egiten ari diren lana ikusi eta tokia bertatik bertara ezagutzeko. Ordiziara iritsitakoan, azoka ezagutu eta udaletxean harrera egin diote Adur Ezenarro alkateak.
Kultura ezagutzeko
Herrialde desberdinetako ikasleen arteko harremanak sustatzea ere bada Erasmus+ proiektuaren beste helburuetako bat eta horretarako, atzotik ostiralera bitartean, hainbat ekintza egiten ari dira. Jolasak egin dituzte, Aizkorrira igo dira, gaur arratsaldean Iruñera joango dira, surfa ere egingo dute…
Oraindik ere beste ikasturte bat beharko dute Peribidearen proiektua amaitzeko. Izan ere, garai bateko bidea berreskuratze hutsa baino gehiago egitea dute helburua.
Proiektuen artean dago ipuin ilustratua egitea, gerra osteko garaiak kontatuko dituena. Xaguxaharren kutxak ere jarriko dituzte bidean, ipuineko protagonistetako bat xaguxaharra izango delako.
Beste helburu bat da Peribidea haurrentzat erakargarri bihurtzea. Horri lotura emateko, bidean jolasak jarriko dituzte.
Bestetik, Goiturrekin ere elkarlanean ari dira, bidea homologatu ahal izateko.
Larraitz Garmendiaren esanetan, “proiektua martxan dago, beste ikasturte bat falta zaio. Europar Batasuneko diru horri etekina aterako diogu ikasleak elkar ezagutzeko eta baita ere udalerri desberdinen arteko lotura egiteko. Peribideak Gaintza Ordiziarekin lotzen du baina tartean Arama eta Altzaga ukitzen dituelako”.