Yerko Ortiz, Latzen taldearen itzuleran
Musikari legazpiarrak gitarra joko du 17 urte eta gero oholtzara itzuliko den Oñatiko heavy talde ezagunean. Hatortxu Rock jaialdian parte hartuko du Latzenek.

Euskal heavy doinuen panoraman izen handia duen Latzen talde oñatiarrak itzulera iragarri du, desegin zenetik 17 urtera, eta aro berri honetako taldekideen artean Yerko Ortiz musikari legazpiarra izango da. Latzen Nafarroako Lakuntzan uztailaren 24tik eta 27ra bitartean ospatuko den Hatortxu rock jaialdian igoko da berriz ere oholtzara. Azken Hatortxu izango da aurtengoa.
Yerko Ortizek (Legazpi, 1986) gitarra joko du Latzenen, Iker Martinez de Zuazoren ordez. Gainerako taldekideak hasierako formaziokoak dira: Gorka Lazkano bateria jotzailea, Joxemari Azpitarte baxua eta Aitor Uriarte abeslaria. Taldea 1993an sortu zen Oñatin, eta 1999an etenaldi bat hasi ondoren, 2007an Infernuko Ateetan Tour agur bira iragarri eta 2008an igo ziren azkenekoz oholtzara. Ibilbide horretan, euskal musika zaleek ereserkitzat dituzten Laztana balada, edo Ze ingo xu? eta Torturaren artea bezalako abestiak sortu zituzten. Orain, 17 urteren ostean, legazpiar bat tartean dutela eta proiektu berriak martxan, bueltan dira oñatiarrak.
Azken Hatzortxu Rock
Azkena izango da aurtengo Hatortxu Rock. Lakuntzan uztailaren 24a eta 27a bitartean egingo da, eta Latzenekin batera, beste talde hauek ere joko dute, guztira 36: Chuleria Joder, Dupla, Maskak, Burutik, Tribade, Brigade Loco, Ibil Bedi, Añube, Sukena, Sune, Bad Sound, The Lio, Leihotikan, Les Testarudes, Plan B DJa, Su Ta Gar, Trapella DJa, Gatibu, La Jodedera, Kaotiko, Maruxak, Non Servium, Bulego, Nogen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos, Betagarri, Never Surrender, Autobus Magikoa eta Buitraker.