Artisau azoka egingo dute igandean Araman
Hemezortzi sortzailek hartuko dute parte; tartean dira lau aramar. 10:00etatik 14:00etara bitartean egingo da azoka, plazan eta inguruan.

Igande goizean, 10:00etatik 14:00etara bitartean, artisau azoka egingo dute Araman. Eguraldi onarekin plazan eta inguruan jarriko dituzte postuak, eta txarrarekin, Loitza pilotalekuan. Eguberri garaian egin izan dute artisauen azoka, baina aurten, udaberrira aldatu dute, eguraldi hobearen esperantzan.
Goierriko eta inguruko hemezortzi sortzailek jarriko dute euren lana ikusgai eta salgai; denetariko produktuen aukera egongo da. Tartean, lau aramar izango dira: Alaine Goikoetxea (Eskuz Lan), Ana Gorostizu (Mairi kosmetika naturala), Manu Unanue (egur tailla) eta Jon Barandiaran (ogia eta pizzak).
Alaine Goikoetxea
Alaine Goikoetxeak «aspalditik» egiten ditu belarritakoak, eraztunak, koadroak…: «Baina orain hirugarren umea eduki dut eta denbora gutxiago daukat». Orain josten ere hasi da. Garai batean azokaz azoka ibiltzen zen baina gaur egun utzita dauka. Hala ere, Araman izango da igandean, Eskuz Lanekin: «Hobbya da niretzat, denbora librean aritzen naiz».
Ana Gorostizu
Ana Gorostizuk kosmetika naturaleko produktuak ekoizten ditu, Mairi izenpean: ukenduak, kremak, olioak… «Beti gustatu izan zait ukenduak-eta egitea, etxean egiten nituen baina saltzen orain dela gutxi hasi naiz». Ahal dela, «inguruko belarrak» biltzen ditu, eta ondoren, «oliotan mazeratzen» ditu «propietateak hartu eta ukenduak eta kremak egiteko». Inguruko azoketara joaten da Gorostizu. «Azokak politak dira gure lana ezagutzera emateko. Giro polita sortzen da».
Manu Unanue
Manu Unanuek urteetan egurrarekin egindako taillak eramango ditu artisau azokara igandean: kutxak, uztarriak, argizaiolak, eskailera bat, bizikleta bat… «Egurrarekin tailla lanak egiten ditut, burdina ere nahasten dut, lehen burdin lanetan ibiltzen nintzen eta». Astearteetan Olaberrian Jabier Arrieta irakasle duen tailla ikastarora joaten da Unanue.
- Amuki moda organikoa.
- Amesgile argitaletxea.
- Haizea lore lehorrak.
- Zuriñe makrame bitxiak.
- Kosta itsas egurrak.
- Kurkubi.
- Artabaltza baserria.
- Sualma jostailuak.
- Eskuz Lan.
- Xooj poltsak.
- Ehunduz.
- Gozatu eztia.
- Amaia zeramika.
- Artizar ilustrazioak.
- Mairi kosmetika naturala.
- Irure txiki baserria.
- Jon Barandiaran, ogia eta pizzak.
- Manu Unanue egur tailla.