EnpleGu eta Hazilan+ lan proiektuak martxan
Goiekik, Garapenen koordinaziopean, Hazilan+ eta EnpleGu proiektuak martxan jarri ditu Goierrin, eskualdeko pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin.

Goieki, Garapenen koordinaziopean, Hazilan+ eta EnpleGu proiektuak martxan jarri dituzte Goierrin, eskualdeko pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin.
EnpleGuk prestakuntza baxua duten eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntza pertsonalizatua eta integrala eskaintzen die. «Pertsona horiek esparru publikoan eta lan merkatuan sar daitezen sustatzea du helburu». Prestaketa ibilbideari buruzko aurkezpena bihar egingo da Goiekin, 10:00etan.
Pertsona kualifikatuak
Bestalde, Hazilan+ laneratzeko proiektua da, langabezian dauden pertsona kualifikatuei zuzendua, adina kontuan hartu gabe. «Prestakuntza izan arren, kolektibo horrek zailtasun bereziak ditu lan merkatuan sartzeko, bai esperientzia ezagatik, batez ere berriki amaitutako ikasketak dituzten pertsonen kasuan, edota bai gaur egun enpresek eskatzen dituzten zeharkako gaitasun edo trebetasun ezagatik».
Goiekiren esanetan, programak «arreta berezia» jarri du, «geldialdi baten ondoren lan merkatura itzuli nahi duten emakumeengan».
Taldeko zein banakako bi ibilbide osatuko dituzte parte hartzaileek. Maiatzean egingo dute aurkezpena.