Euskadiko xake txapelketa, bigarren urtez jarraian Legazpin
Apirilaren 23tik 27ra bitartean jokatuko da, Santikutz klubak antolatuta. Agirre-etxeberrin izango da, eta bertan elkartuko dira punta-puntako 24 xakelari. tartean izango da Markel Vesga legazpiarra.

Euskadiko Bakarkako Xake Txapelketa Absolutua Legazpin jokatuko da bigarren urtez jarraian, Santikutz klubak antolatuta. Iazko edizioaren emaitzarekin gustura geratu ziren udala, laguntzaileak eta Euskadiko federazioa, eta aurten ere errepikatzeko eskatu diete guztiek antolatzaileei. Hala azaldu du gaur goizean atzo Josu Galilea kirol zinegotziak, txapelketa honen 40. edizioaren aurkezpenean.
Santikutz xake klubak baiezkoa eman zion jasotako enkarguari, eta dagoeneko dena prest du Pazko Astean, hilaren 23tik 27ra arte Agirre-etxeberrin txapelketa egiteko, eta xakea gustuko duten herritarrei zuzendutako hainbat jardueratarako.
Klubeko Alberto Vesga arduratu da aurkezpenean txapelketaren xehetasunak emateaz, klubeko kide den Patxi Imazen eta Euskadiko Xake Federazioko lehendakari den Miguel Angel Muelaren babesarekin.
Euskadiko jokalari onenak
Vesgak aurreratu duenez, aurten ere Legazpin Euskadiko jokalari onenetakoak izango dira, «txapelketa honetarako lortu dugun zerrenda oso maila altukoa da». Iazko 14 jokalarik errepikatuko dute, eta 24 izango dira guztira.
Jokalari rankingean puntu altuenetakoak dituztenak etorriko dira, hala nola, Iruñeko Orvina klubeko Unai Garbisu, Euskal Ligan punta-puntan dabiltzan Sestaoko (Bizkaia) klubeko Carlos Suarez, David Martinez eta Sergio Trigo, eta sei aldiz Euskadiko txapeldun izan den Gros Xake Taldeko Santiago Gonzalez.
Gainera, xake inklusiboko gaurko Espainiako txapeldun den Unai Calleja eta Miriam Parkhurst Euskadiko txapelduna ere izango dira Legazpin. Eta Vesgak aurreratu duenez, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko txapelketetan sailkatutakoek eta jokalari gazte onenek ere parte hartuko dute, azken horien artean Hondarribi Marlaxka klubeko Patxi Moreno, Gros Xake taldeko Alex Odriozola, eta Santikutz talde antolatzaileko Markel Vesga legazpiarra.
Partidak, internetez
Txapelketa zazpi txandatan jokatuko da. Apirilaren 23an, asteazkenean hasiko da, 17:00etan; ostegunean bi txanda izango dira, 10:00tan eta 17:00etan; ostiralean bakarra, 17:00etan; eta larunbatean bi berriz ere, 10:00etan eta 17:00etan. Azken txanda eta finala igandean jokatuko da, 10:00etan hasita.
Partidak internetez emango dituzte zuzenean, baina Agirre-etxeberriko ateak irekita egongo dira, jokalarien jarduna bertatik bertara jarraitzeko. Vesgak azaldu duenez, jokalari bakoitzak ordu eta erdiko denbora izango du partida bakoitzean, gehi 30 segundo egiten duen mugimendu bakoitzeko, «beraz, litekeena da partidek lau orduko edo gehiagoko iraupena izatea».
Ekintza osagarriak
Xakelariak txapelketako partidak jokatzen ari diren bitartean, xake taula handi bat egongo da jarrita Agirre-etxeberri kanpoaldean, «umeak pieza erraldoiekin jolas daitezen». Herritarrei gerturatzeko gonbita luzatu die.
Gainera, ostegun gauerako, xake azkarreko torneo bat antolatu dute. 22:30ean hasiko da, eta txapelketako jokalariez gain, jokalari afizionatuek ere parte hartu ahal izango dute.
Santikutz klubak txapelketa promozionatzeko bideo bat ere kaleratu du. Gorka Gomez da egilea, eta xakeko zaldiaren figura oinarri hartuta, Ormazarreta zalditegiko zaldiak eta Marian Lasa, eta Ricardo Mediavilla errementaria dira protagonistak.