'Miñan' antzezlana bihar, Latxartegin
Ibrahima ginearrak Europara iristeko egin zuen bidaiako bizipenak liburuan jaso zituen Amets Artzallusek, eta antzerkirako egokituta, Artedrama konpainiak taularatuko du, 19:30ean. Sarrerak salgai daude.

Amets Artzallus bertsolariak idatzitako liburuan oinarritutako izen bereko Miñan antzezlana taularatuko dute bihar ostirala, hilak 11, Legazpiko Latxartegi aretoan. Emanaldia 19:30ean izango da, eta sarrerak aurretik erosi daitezke https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ webgunean. Latxartegiko leihatilan ere egongo dira salgai bihar, 10 euroan.
Artedrama konpainiaren eskutik iritsiko dira Legazpira Ibrahima Balde ginearrak Europara etortzeko bidaian bizitakoak. Amets Arzallusek idatziz jaso zuen hura guztia, eta Ander Lipusek zuzenduta, bera, Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye arduratuko dira taula gainean interpretatzeaz. Timberlake Wertenbakerek egokitu du Antzallusen lana antzerkirako.
Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du.