Ordiziako alde zaharra dantzan jarriko dute gaurtik hasita
Larunbata izango da egun handia. Egun osoko egitaraua antolatu dute. Alarma Morea, La Txama eta Kaparrak taldeek joko dute Plaza Nagusian.

Ordiziako Ostalariek, udalaren, Ordizian merkatari elkartearen eta herriko hainbat talde eragileren laguntzarekin, Alde zaharra dantzan festa antolatu dute gaurtik hasita. Hasteko, gaur, 19:00etan, Ordiziarrock-ek antolatzen duen Delikantuz zikloaren barruan, Akaleia bakarlari zumaiarraren kontzertua izango da D’Elikatuzen. Oihana Rodriguez buru duen proiektua 2022an hasi zen, eta gaurdaino singleak eta lan luzea osatu ditu, pop elektroniko pertsonalean. Ohi bezala, dohainik da Ordiziako kontzertua.
Bihar, berriz, Emaneurreren eskutik, KantAzak egitasmoarekin, euskal kantuak abestuz ibiliko dira kalez kale, Taberna Ibiltariak taldeak girotuta.
Dena den, larunbata izango da egun handia, goizetik ordu txikietara arteko egitaraua antolatu baitute.
Plaza Nagusian, 11:30ean hasita, patata tortilla txapelketa egingo dute. Hemezortzi taldek eman dute izena. Ordubeteko tartea izango dute patata tortilla prestatzeko.
12:30ean, Pontx pailazoaren ikuskizuna izango da Garagartza plazan, eta 14:30ean, bazkari herrikoia frontoi txikian. 300 lagun inguru elkartuko dira herri bazkarian.
Kontzertuak gauean
20:00etan, Phsyco Clowna izango da, perkusio eta antzerki ikuskizun ibiltaria, eta 21:30ean Plaza Nagusian kontzertuak izango dira, hiru talderekin: Alarma Morea, La txama eta Kaparrak.
Festa giroa bakarrik ez da izango larunbatean Ordizian, alde zaharrean. Lehenengo Aire Libreko Margolan lehiaketa ere izango da, Plaza Nagusiko estalpearen 100. urteurrenaren ospakizunen harira. Plaza da hain zuzen ere, lehiaketarako gaia eta bi baldintza bete beharko dituzte margolariek: plazan bertan margotu beharko dute eta margolanean plazako zati bat agertu beharko da.
Edonork parte har dezake, haurren, gazteen eta helduen mailak baitaude. Egunean bertan, lehiakideek Barrena jauregian aurkeztu eta zigilatu beharko dituzte euskarriak, 09:30etik 10:30era bitartean. Lanak bukatuta eta sinatuta aurkeztu beharko dituzte Barrenako erakusketa aretoan, 13:30etik 14:30era bitartean.
Sari banaketa, egun berean, 18:00etan izango da, Barrenako erakusketa aretoan. Aurkeztutako lanekin, erakusketa zabalduko da, maiatzaren 6ra arte.