Ordiziako Alde Zaharra festa giroan
Patata tortilla lehiaketa egin dute goizean Ordiziako Plaza Nagusian, Aire Libreko margolan lehiaketako 62 parte hartzaileak inguruan margotzen ari ziren bitartean.

Jai giroa da nagusi gaur ere goizean goizetik Ordiziako Alde Zaharreko kaleetan, atzo iluntzean kantAzak-ekin eta Taberna Ibiltariak jarritako giroari jarraituz. Plaza Nagusian, patata tortilla txapelketa egingo dute. Hemezortzi taldek eman dute izena eta irabazlea Eluska Ibarguren eta Lide bikotea izan da. Bigarren izan dira Aiur Eguren eta Oier Uranga eta hirugarren Mikel Uranga eta Mikel Agirrezabala.
12:30ean, Pontx pailazoaren ikuskizuna izango da Garagartza plazan, eta 14:30ean, 300 lagun inguru elkartu dira frontoi txikian egin den herri bazkarian.
Margolariak
Goizean zehar margolariak ere izan dira plaza nagusiaren inguruan. Adin desberdinetako 62 margolarik hartu dute parte Ordiziako Aire Libreko Margolan lehiaketan. Plaza Nagusiko estalkiaren 100. urteurrenaren harira antolatutako lehiaketa da. Margolariek plazan bertan margotzea eta beraien artelanetan plazaren zati bat agertzea da baldintza.
18:00etan, sari banaketa egingo dute Barrenan, eta lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa irekiko dute maiatzaren 6ra arte, Barrenako erakusketa aretoan.
Kontzertuak gauean
Iluntzetik aurrera ere festa giroak jarraituko du Ordiziako Alde Zaharrean. 20:00etan, Phsyco Clowna izango da, perkusio eta antzerki ikuskizun ibiltaria, eta 21:30ean Plaza Nagusian kontzertuak izango dira, hiru talderekin: Alarma Morea, La txama eta Kaparrak.


































