Azenario txikiak, mahaiak gozatzeko prest
Hiru perretxiko saltzaileen artean 285 kilo ziza eskaini dituzte, eta karraspina ere aurkeztu dute.

Apirila egun eguzkitsu eta epelarekin agurtu da gaur Ordiziako azokan, baita hainbat berritasun eta joan-etorrirekin ere. Baratza hasi da loratzen, eta perretxikoen denboraldia bete-betean den seinale da ziza eskaintza handia.
Zizen eskaintza handi horrekin zerikusia du joan den astean Gasteizko Garbiñe Barandiaranek salmenta denboraldia hasi izana. Barandiaranekin hiru dira orain perretxikoak saltzen ferian, eta horregatik osatu dute gaur honako lote eder hau: 285 kilo udaberriko ziza (22 eta 45 euroan kiloa), 110 kilo onddo (22-38 euro artean) eta 12 kilo ziza hori (24-26 euro artean). Mikologiaren atalean berritasun bat ere izan da, Barcinaren postuan karraspinak eskaini dituztelako, lau kilo, kiloa 35 euroan. Plaza barruan ere baziren zizak.
Baina hemen oraindik nahiko ezezaguna den karraspina ez da izan eguneko berritasun bakarra, baratzetik ere iritsi delako produktu berri bat, azenarioa. Natalia Magallanesek zituen urteko lehenak, tamaina txikikoak, eta bi eratara izan ditu salgai, sortaka zein kiloka. Sortak, hosto eta guzti, 2,5 euroan zituen, eta kiloka erosteko, berriz, 7 euroan.
Eguraldi onak, berriz, giro polita jarri zuen, eta goiza erraztu zien kanpotik iritsitako bisitariei. Atzo Bizkaiko jubilatu mordoa ibil zen Ordizian, Berriz eta Balmasedatik iritsitako talde banatan banatuta eta D´Elikatuz zentroko teknikariek gidatuta. Bisitari gazteagoak ere ikusi ziren ferian, Donostiako Easo Institutuko ikasleak.
Joan-etorriak
Joan-etorriak ere aipatu behar dira, Plaza Nagusiko saltzaile batzuk denboraldia amaitu, eta beste batzuk hasi egiten dutelako aste hauetan. Gaur, esaterako, Jon Etxeberria erlezainaren eta ezti saltzailearen azken eguna izan da. Gozatu eztia ekoitzi eta saltzen du Etxeberria ataundarrak, eta oraindik dena bukatu ez bazaio ere, Ordiziako salmentari agur esan dio erlezaintzak eskatzen dizkion beste lan batzuk egiteko.
Etorrera bat ere iragarri behar da, Jose Mari Uzin azkoitiarrarena. Datorren astetik aurrera, urteko lehen tomateak izango dira ferian, Gurutzia baserrikoak.
Hezurdun fruta
Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuetan ere izan dira berriak, iritsi direlako hezurdun frutak. Dagoeneko salgai dira nektarina edo brinoiak eta albertxikoak, Espainiakoak. Nektarina kiloa 6,5 eta 8,9 euroan jarri dute salgai, eta albertxikoari ere prezio bera jarri diote.

Garbiñe Barandiaran ziza artean.

Karraspinak, Felix Barcinaren postuan.

Gaurkoa Jon Etxeberria ezti saltzailearen azken eguna izan da.

Iriarte fruta saltzaileak hasi dira albertxikoak eta nektarinak saltzen.