Suso Romero izango da Ampo Ordiziako entrenatzailea
Ordizia Rugby Elkarteak Federico Gallok ez zuela jarraituko iragarri ondoren, gaur jakinarazi du Suso Romero dela entrenatzaile berria. "Berrikuntza aro bati ekingo" diola esan du klubak.

Suso Romero izango da Ordizia Rugby Elkarteko lehen taldearen entrenatzaile berria 2025-2026 denboraldirako. Hala jakinarazi du sare sozialetan zabaldutako mezu batean klubak: “Jokalarien garapenean eta talde lehiakorrak zuzentzen esperientzia handia du, eta klubaren proiektuaren gidaritza hartuko dut, prestakuntza, tokiko talentua eta baloreak oinarri hartuta”.
Romero buru dela, OREk “bere nortasunaren sustrai sendoetan oinarrituta, berrikuntza aro bati ekingo” diola azaldu dute. Romeroren hitzak ere jaso dituzte komunikatuan: “Ilusio handiz nago, eta etapa berri hau Ampo Ordizia bezalako nortasun handiko klub historiko batean hasteko gogoz. Kluba barrutik ezagutu eta taldearekin lanean hasteko irrikaz nago”.
Federico Gallo argentinarrak ez zuela jarraituko jakinarazi ondoren eman du entrenatzaile andaluziarraren berri errugbi elkarteak. Real Cienciaseko entrenatzaile izandakoa da, baita Espainiako selekzioko 18 urtez azpikoen taldeko entrenatzailea ere Sergi Guerrerorekin batera.