Xabier Sanchezek irabazi du Gazta Azokako mami lehiaketa
Bigarren saria Aratz Zumalde zaldibiarrak jaso du, eta hirugarrena Gorka Alberdik. Mamia egiteko tailerra ere egon da.

Gazta Azoka da Idiazabalen egunotan. Atzo, maiatzak 2, Erremontari Herriz Herri erremonte jaialdia izan zen Igarondo pilotalekuan. Gaur azoka ireki dute 11:00etan. Giro ederrean, eguraldi onarekin, jende asko hurbildu da Idiazabalera azokaz gozatzera. Mamia egiteko tailerra egon da, eta baita mami txapelketa ere. Xabier Sanchez idiazabaldarrak irabazi du mami lehiaketa, 89, 6 punturekin, Idiazabalgo esnea erabilita. Xumen otordua eta diploma irabazi ditu. Montse Delgadok eta Iñaki Alberdik eman dizkiote sariak.
Hamar mami aurkeztu dituzte lehiaketara herritarrek, Idiazabalgo, Mutiloako, Zaldibiako eta Zeraingo esnea erabilita. Epaimahaiak esan duenez, “zaporez guztiak oso onak” zeuden. Testura, kolorea eta beste hainbat ezaugarri hartu dituzte kontuan epaimahaiko kideek sariak banatzerakoan.
Bigarren saria Aratz Zumalde zaldibiarrarentzat izan da 86,4 punturekin, Zaldibiatik eramandako esnearekin egindako mamiagatik. Pilarrenean otordua eta diploma irabazi ditu. Iñaki Ibañezen eta Iñaki Aberdiren eskuetatik jaso ditu. Hirugarren saria, berriz, 82,4 punturekin, Mutiloako esnea erabili duen Gorka Alberdirentzat izan da. Etzegarateko jatetxean otordu bat irabazi du, diplomarekin batera. Sariak eman dizkiote Rafa Gorrotxategik eta Iñaki Alberdik.
Bihar ere azoka izango da, eta gazta txapelketa herrikoia, gazta egite eta ketze erakustaldia eta haurrentzako jolasak. Artaldea herriko kaleetatik pasako da, eta 14:00etan Amelia Jauregi omenduko dute.