Legazpi, etxebizitza alorrean tentsio handiko udalerrien artean
Etxebizitzen prezioek izan duten igoeragatik sartu da udalerria Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen zerrendan. Ordizia, Beasain eta Lazkao atera egin ditu zerrenda horretatik.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Legazpi sartu du eguneratu berri duen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eremu tentsionatu izateko baldintzak betetzen dituzten udalerrien zerrendan. Aldi berean, Ordizia, Beasain eta Lazkao atera egin ditu zerrenda horretatik.
Zerrenda berri horretan jasotzen denez, guztira, Bizkaiko 17 udalerri, Gipuzkoako 14 udalerri eta Arabako hiriburua dira eremu tentsionatu etxebizitzaren alorrean.
Hiru irizpide
Udalerri bat eremu tentsionatu izendatzeko baldintzak Espainiak onartutako Etxebizitza Legeak zehazten du, eta lege horretan hiru irizpide zehazten dituzte. Batetik, kontuan hartzen da alokairuaren prezioaren igoera azken 5 urteetan, eta Euskadiren kasuan %19,6an dago ezarrita kota, hau da, batez besteko KPIa gehi hiru puntu. Bestetik, salerosketaren prezioaren igoerari ere erreparatzen diote, azken 5 urteetakoari, eta horren kota kota % 22,4koa da, hori Euskadiko urteko batezbesteko KPIaren hazkundearekin alderatuta finkatuta. Azkenik, alokairu errenta ordaintzeko ahalegina neurtzen da, errenta erabilgarriaren arabera, eta indize honen muga %30ekoa da. Baldintza horietako bat bakarra betetzea nahikoa da udalerri bat eremu tentsionatu izendatzeko.
Legazpiren kasuan, alokairuak % 17,4 igo dira, etxebizitzen prezioa %30,9 igo da, eta alokairua ordaintzera bideratutako dirua errentaren % 23,6koa da.